Azaroak 25, Pasaian. "Zenbateraino zara konplize?"
Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izaki, udalerriko plaza nagusiak bete zituzten atzo iluntzean. Norberaren erantzukizunean jarri zuten gakoa.
Barrutiz barruti hartu zuten Pasaia atzo iluntzean indarkeria matxistaren kontrako aldarriek. Trintxerpe, Antxo eta San Pedroko plazak morez bete zituzten, eta Donibaneko kaleak borrokarako aldarriz blaitu.
Euria ez zen izan eragozgarri. Hamarnaka lagun bildu ziren San Pedroko frontoian 18:00etan, eta Antxoko Gure Zumardian nahiz Trintxerpeko Gernika plazan 19:30ean. Arratsa ez zen izan, ordea, emakumeen patua baino ilunago. “Datuek gora egiten jarraitzen dute”, aitortu zuten Harremantxoko kideek.
Politika feminista zorrotzak eta jendarte osoaren ardura galdegin zuten elkarte feministek. Haratago ere joan dira aurten, norbanakoen erantzukizun indibiduala ere badelako borroka feministaren parte. “Gure etxean, harremanetan, hasten da eraldaketa”.