[Elkarrizketa] “Beldurrik ez edukitzea erotuta egotea dela ematen du”
Ahots gozo eta begirada biziko pertsona da psikologo oiartzuarra. Berarekin tertulian aritzea atsegina eta txoil erosoa da. Bestelako kontu frankoren artean, beldurrak egungo gizartean eta norbanakoetan eragiten duenaz hitz du; gaiarekiko irrika ez ezik, jakinduria gaitza daukala argi utzi du.
Aitortu du izugarrizko jakin-mina duela gisa honetako gaien inguruan eta, hortaz, asko gozatzen duela bere lanbidearekin. Kaleko mozorroa kenduta pertsonen alderdi autentikoena ezagutzeak asko betetzen omen du. Jendearen arazoak askatzea eta bideratzea lortzea opari ederra da beretzat. Hitzaldia eman zuen joan den ostiralean Oiartzungo udaletxean.
Nola laburtuko zenuke aurreko ostiralean eman zenuen Beldurra askatasunaren lapur izeneko hitzaldia?
Hizketaldiaren helburu nagusia izan zen konturatzea beldurrak gure bizitza izugarri baldintzatzen duela. Gainera, beldur horiek elikatzen baldin baditugu, baldintza horiek indartu egiten dira eta orduan eta gehiago sartzen dira gure hezurretan. Hori horrela, ez dugu benetan nahi dugun bizitzarik bizitzen, eta ez dugu askatasunik lortzen. Beldurraren indarraz jabetzea garrantzitsua da, min handia jasaten dugu eta. Ordea, beldur horien guztien atzean altxor bat dago eta hori lortzea oso polita da. Hitzaldian saiatu nintzen begirada baikorra aldarrikatzen, izan ere, gozamen hutsa da beldurrak kentzea, asko jasotzen dugu.
Beldurrak asko mugatzen gaituela iruditzen al zaizu? Zertan, adibidez?
Izugarri mugatzen gaitu, esaterako, gure ametsak lortzeko, gure burua ezagutzeko eta gure bidea egiteko. Baldintzatuak gaude, baita ere, besteek pentsatuko dutenagatik, zer ote da egokia, zer ez, nola ikusten ote naute gainerakoek… Asko bizi gara gure kanpoko irudia zaintzen, eta ez gure barrena zaintzen. Orduan, azaleko irudia baztertzean eta gure barrena zaintzean unibertso edo mundu berri bat deskubritzen dugu. Hori gozamena da. Esperimentatzean hartzen du horrek guztiak zentzua. Bidaia bat da barrurantz, zikinkeria askatuz.
Zertan laguntzen du beldurrik ez izateak?
Beldurrik ez izateak laguntzen gaitu, besteak beste, maitasunean, zaintzan, errespetuan, askatasunean, harreman arinagoak eta hurbilagoak edukitzean, eta konfiantzan. Erabat aldatzen du dena, beste betaurreko batzuekin ikusten da mundua.
Beldurra gainditzeko bidean zeintzuk dira pausu garrantzitsuenak?
Galdera potoloa da hori. Errekonozimendua da lehenengoa, jabetza. Askotan ez gara konturatzen zein mailataraino mugatzen gaituen. Gero, aldatzeko erabakia eta konpromisoa hartzea ezinbestekoa da, nola eta zer landu erabakitzea, barruko korapilo guztiak askatzea. Bestalde, beldur bakoitzak berea eskatzen du, eta ez da beti bide bera ibili behar. Eraginkorragoa izango da batzuentzat bide bat, eta beste bide bat besteentzat.
Beldurra beharrezkoa al da?
Esango nuke ezetz. Hala ere, beldurra zer den egoki ulertzea komeni da, denontzat ezberdina da. Niretzat beldurrak maila asko izan ditzake. Beldur gaitezke korrika ihes egiteraino, edota beldurtu eta kezka soilik suma dezakegu. Lehen beldur hori beharrezkoa da gure burua babesteko eta arriskuak ekiditeko, baina hori mekanismo natural bat da. Aldiz, psikologikoki sortzen ditugunak, txikiarazten gaituztenak, ahultzen gaituztenak, horiek ez ditugu deustarako behar.
Beldurrik eza eta gehiegizko askatasuna, ez al dira arriskutsu?
Ez, beldurraren kontrakoa maitasuna da. Maitasunak esan nahi du neure buruaren kontzientzia edukitzea, beldurrez inkontzienteki bizi baikara. Jabetzea da, zein naizen, zer egiten dudan eta zergatik. Jabetza hori baldin badaukat beti ariko naiz gainerakoak zaintzen, gainerakoak zaintzea nire burua zaintzea delako. Ezin da nire burua zaindu eta, aldi berean, besteengandik aldendu. Alegia, beldur-sistemari sustrai oro kenduz gero, errespetuan biziko zara, bakean, lasaitasunean. Kritikatzean edo erasotzean ez daukagu ez bakerik ez lasaitasunik.
Gizarte beldurti batean bizi al gara?
Oso. Gizartea beldur-sisteman oinarritua dago, oso funtzionala eta eraginkorra da jendea beldurrez egotea. Kapitalismoak horregatik funtzionatzen du. Beldurra edukitzeak asko saltzen du, beldurra beste sentsazio batzuekin tapatzen laguntzen duelako. Baina ez da eraginkorra. Sentsazio horiek joan egiten dira, ordea, menpeko egiten gara beste sentsazio horiekiko. Bizi garen sisteman oso deskonektatuak bizi gara. Sistema indigena batzuk kenduta, beste sistema gehienak beldurrean oinarritzen dira.
Generoarekin edota adinarekin zerikusirik bai al dauka beldurrak?
Ez, esango nuke ezetz. Beldur motak akaso bai, ez baita gauza bera zahartzaroan heriotzari eduki ohi diogun beldurra edo gaztetan dioguna. Bestalde, gizarteak beldur asko sortu ditu, adibidez, emakumeei begira, ‘kontuz bakarrik, kontuz gauetan…’. Hainbeste saldutako beldur horiek noski zerikusia dutela generoarekin, baina, berez, ez dute zerikusirik, ez genero, ez adinarekin. Prebentzioa ez da beldurra sartzea.
Teknologia berriek, sare sozialek, lanak, ikastetxeak… laguntzen al dute beldurrik ez izaten?
Dena oso erlatiboa da. Beldur-sistema kentzean sinesten dudan bezala, erruaren sistema kentzean ere sinesten dut. Beti saiatzen gara errua kanpora botatzen, eta gauza da arduratsu izatea eta errudunik ez bilatzea. Gauzak onak dira kontzienteki egiten ditugunean, geure buruagatik egiten ditugunean, berriz, ez dira hain onak besteei begira edo zerbait lortzeko itxaropenez egitean. Batzuentzat ona izango da yoga edo kirola egitea, baina beste batzuentzat ez. Dena oso erlatiboa da, gauzak nola egiten ditugun da garrantzitsua.
Gabezia emozional asko al ditugu? Zeintzuk dira nabarmenenak?
Kontzeptu hori ere ez zait batere gustatzen, gabeziena. Bizi gara dena gabezia izango balitz bezala, zinismo puntu batekin. Justu kontrakoa da, eskertzea falta zaigu, asko daukagu eskertzeko eta hori ez da batere lantzen. Osasuna, etxea, ohea… eskertzekoak dira eta ez ditugu behar bezala baloratzen. Zenbat gauza dauden eskertzeko eta beti gabeziei begira, beti konparatzen, beti aztertzen. Etengabeko konparaketa horretan beti zerbait falta zaigu, beti.
Duela 50 urte baino beldurtiagoak edo mugatuagoak al gara?
Nire ustez, lehen asko erreprimitzen ziren beldurrak. Beldurraren adierazle zuzena da oso ideia zurrun eta dogmatikoak edukitzea. Horren atzean dagoena da zaindu gabeko beldur asko daudela. Egun askatasun gehiago dago kontu horien inguruan hitz egiteko, baina lantzeko garaian ez dakit, jendeak asko estaltzen ditu eta jendea ezin bizi bizi da.
Osasun mentaleko arazoak inoiz baino gehiago dira, edo inoiz baino gehiago hitz egiten da horretaz?
Nik uste egoera honek guztiak jendea asko nahastu duela. Jendeak jaramon gehiago egiten dio kanpotik esaten diotenari barruak esaten dionari baino. Gure buruarekin konektatuta ez egoteak gaitz asko ekartzen ditu: estresa, urduritasuna, antsietatea…
COVID aurretik eta ondoren, diferentziarik sumatu duzu?
Zentzu batean bai, beldurra asko azaleratu da, harrigarria izan da jendearen izua. Komunikabideen boterea ikaragarria da, ez dugu ezer filtratzen eta dena egi gisa jasotzen dugu; iruditzen zait zentzu horretan ez gaudela heldutuak. Informazio eta datu bonbardaketa hau ez da prebentzio kanpaina bat inondik ere, beldur kanpaina da. Halaxe da, psikologian beti horrela izan da, nahiz eta orain gehienek iritzia aldatu duten, badirudi orain bide egokia dela guztiari amen egitea. Eta ez, hau gehiegizkoa da. Beldurrik ez edukitzea erotuta egotea dela ematen du.
Zer aldatu beharko litzateke gizarte gisa beldurra uxatzeko eta osasuntsuago izateko?
Norberak bere burua ezagutzea, bestela, kanpoan aurkitzen saiatzen gara. Nire buruarekin ongi baldin banago, ongi hori kanpora helaraziko dut. Gaizki banago, aldiz, gaizki hori eraso eta beldur forman kanporatuko dut ingurura. Lehen urratsa zure barrena ezagutzea da eta hori egiten da landuz eta partekatuz.
Zer da bakoitzak bere burua ezagutzea?
Lanketa introspektibo bat egitea, atentzioa jartzea. Nola bizi garen, zein erabaki hartzen ditugun, zergatik, ea pentsatzen duguna benetan pentsatzen dugun edo modan dagoelako pentsatzen dugun, benetan nire lanbidea gustuko dudan, benetan bizitza hau den nik nahi dudana… Funtsean, kuestionatzea. Erotu gabe, jabetuz. Gorputzari ere jaramon egitea, konektatua egotea, oso garrantzitsua da. Gorputzak informazio asko ematen digu, minekin, korapiloekin, baina konektatuta ez gaudenez, pentsatzen dugu horiek guztiak txarrak direla. Eta ez dira txarrak, soilik zerbait esan nahi digute. Gorputza dardaraka hastean ez dugu entzun nahi izaten, baina hizketan ari zaigu, entzutea komeni zaigu.