[Galeria] Harrera egin diete azken hiru urteetan etorri diren herritarrei
Azken urteetan pandemiagatik ezin izan dute egitasmoa gauzatu, eta aurtengoak erantzun zabala izan du iritsi berrien eta lehendik bertan bizi diren herritarren artean.
Herrira aurten eta azken hiru urteetan bizitzera etorri direnei harrera egin die udalak, Abaraxka ludotekan. Izan ere, pandemiaren eraginez 2019tik hona ezin izan dute egitasmoa gauzatu. Guztira, 300 gonbidapen gutun baino gehiago bidali dituzte oraingoan eta erantzun jendetsua izan du.
Egitasmo honen helburua, udalak dioenez, “Oiartzunera etorri berrien harrera naturalagoa izan dadin, gurera etorri berri diren herritarrak eta lehendik bertan bizi direnak elkartzea” da. Josu Delgado Euskara zinegotzia eta Aitziber Arnaiz euskara teknikaria izan dira udalaren ordezkariak, eta lehenak ongietorria egiten.
Haizezko taldeak eman dio hasiera ekitaldiari Loretxoa abestia joaz. Ondoren, jatorriko herrialdea mapa batean kokatzeko eta beraien hizkuntzan ‘ongi etorri’ idazteko eskatu zaie. Nigeria, Maroko, Kamerun edo Euskal Herriko beste txokotatik etorri direla adierazi dute; Haur zein heldu denek hartu dute parte.
Behin ariketa bukatuta, hitza eman diete egitasmoaren protagonistei, eta jarraian gitarra taldeak giroa goxatu du. Amaitzeko, askaria egin dute Kontzejupeko arkupeetan.