[Erreportajea] Euskara ere kopiatzen duten hori izan dadila
‘Haurren aurrean helduok heldu’ ariketarekin etxeko txikienen eta helduen arteko hizkuntza ohituretan eragin nahi du Ttur-ttur elkarteak. Herriko leku ugari identifikatu dituzte ariketa egiteko.
Euskaraldiaren hutsunea ordezteko ariketa bat proposatzen dabil Oiartzungo Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea azken egunotan. Hilaren 22tik etzira arte oiartzuarrek kartel eta lona berezi batzuekin egin dute topo herriko zenbait txokotan. Horietan haur zein helduak euskaraz aritzera gonbidatu dituzte elkarteko kideek, Haurren aurrean helduok heldu egitasmoarekin bat egin baitute.
Guraso, hezitzaile, zaintzaile edota entrenatzaile, eta haurren arteko hizkuntza ohituretan eragitea da Topaguneak proposatutako ariketaren asmo nagusia. Euskal Herriko 80 udalerri atxiki dira egitasmora, tartean Oiartzun. Euskaraldian sustatzen diren jarrera berberak sustatu nahi dituzte, baina kasu honetan gizartearen talde konkretu batekin. «Partaideei eskatuko diegu pentsa dezaten norekin alda ditzaketen hizkuntza ohiturak parkean, eskola inguruan edo umeekin egiten dituzten bestelako ekintzetan; baita kide horiei elkarrekin ariketa egitea proposatzea ere», azaldu dute Euskaltzaleon Topaguneko kideek.
Ttur-tturreko kide Aitzol Perez de San Romanen arabera, hizkuntza baten transmisioan helduek daukaten jarrera kopiatzen dute haurrek, eta beraz, euskaraz aritzeko ohitura horren transmisioan zentratu da egitasmoa. «Orokorrean haurrekin gaudenean euskararen erabilera asko handitzen da, baina haurrak desagertzen direnean asko jaisten da», erantsi du, kezkati, oiartzuarrak. Zorionez, Oiartzunen, haurren artean, handia da euskararen erabilera, «arnasgunea delako» Perez de San Romanen arabera, baina datuak pixkanaka behera doazela dio. «Kezka hori bazegoen, eta ederki etorri zitzaigun Topagunearen egitasmo nazionala».
Datuetara jo du Ttur-tturreko kideak. Azken kale neurketaren arabera (2016an egin zuten), Oiartzunen, haurrekin dauden bitartean helduen eta haurren arteko elkarrizketen %73 euskaraz dira; aurrean haurrik ez dagoenean, ordea, %45. «Alde handia dago, kezkagarriak dira datu horiek». Beraz, egitasmoaren helburuetako bat ere bada gurasoek euskaraz hitz egiten jarrai dezatela haurrik ez dagoenean, ohitura hori mantentzea alegia. «Haurrek, gainera, ikusten dute haiekin euskaraz aritzen direla, baina helduen artean gaztelaniara jotzen dutela. Halako mezu subliminal bat bidaltzen diegu. Ikusten dute gaztelaniak denerako balio duela, edozein esparrutarako. Ideia horiek hautsi nahi ditugu ariketa honekin, behintzat haurrak eta gurasoak kontura daitezela».
Ariketarako herriko gune ugari identifikatu dituzte, «haurrak eta helduak biltzen diren ohiko lekuen bila» aritu dira. Hala, ikastetxeak, auzo guztietako parke, plaza zein kirol eremuak, bidegorria eta bestelako eremu batzuetan jarri dituzte aipatutako kartel eta lona horiek, «gurasoak hara iristean kartela ikusi eta ariketara animatu daitezen», erantsi du Perez de San Romanek.
Dena den, ariketa ez dute gune horietara mugatu nahi izan, etxean ere gurasoen eta seme-alaben arteko eguneroko elkarrizketetan eragitea ere badelako asmoetako bat. «Helduok eredugarri izan behar dugu haurren aurrean, kalean eta etxean, noski. Hurrengo belaunaldiak era naturalean euskaraz aritu daitezen nahi badugu, ezin ditugu soilik Euskaraldia edo horrelako ariketetara mugatu aldaketa horiek, baizik eta urteko 365 egunetara zabaldu».