[Elkarrizketa] «Gatazka piztea funtsezkoa da euskararen alde mobilizatzeko»
Bide luzea du euskalgintzaren sokari tiraka. Kale erabileraren gainean hausnar egin ez ezik, gazte, heldu eta erakundeei «etxeko lanak» jarri dizkie. Ulermenaren unibertsalizazioa jo du gakotzat.
Euskaraldiaren teorizatzaile, EHUko irakasle, ikerlari, Aldahitz Soziolinguistika Klusterraren proiektuaren zuzendari, Abbadia golardoaren iazko merezidun, Oarsoarrak Euskararen Sariaren azken irabazle, eta abar luze bat erabil daiteke Jauregik (Pasaia, 1958) euskararen alde eginiko bidea deskribatzeko.
Euskarak kaleetan duen presentziaren gaineko gogoeta egin du HITZA-n, bai eta hizkuntza berpizteko balia liratekeen hainbat gako aletu ere. Gazteen euskararekiko atxikimendua pizberritu dadin «gatazka politikoa» piztu behar dela uste du. Helduek ere badute zeregina euskararen alde: «Eredu izan». Agintariei ulermena bermatzeko galdegin die.
1991. urtean gazte lagunarte baten euskalduntzeari ekin zenion; gero Kuadrillategi sortuko zen bertatik. Gazteak euskarara ekartzeko beharra aspaldi identifikatu zenuen; aldatu al da egoera?
Ez, funtsean, egoera ez da aldatu. Beharra aspaldi ikusi genuen baina egoera oso antzekoa da orain ere. Esango genuke sorgin-gurpil batean sartuta gaudela, eta hortik ez gara ateratzen.
Zertan datza gurpil hori?
Belaunaldi zaharrak, euskalgintzari abiadura eman ziotenak, frankismoan erroturiko belaunaldiak dira. Haiek kontzientzia garatu zuten egoera politikoa latza zelako, eta euskara guztiz erreprimitua zegoelako. Zapalkuntza hori bistakoa zen, eta erantzun gisa halako emozio sozial bat garatu zen, kontra egiteko nahitik. Kontzientzia horrek bultzatuta egin dira euskararen alde egin diren gauza gehienak: gau eskolak, euskaltegiak, ikastolak…
«Belaunaldi oso batek ez badu hizkuntza gatazka sentitzen, oso zaila da horri buelta ematea»
Egoera guztiz aldatu da orain; belaunaldi berrietako askok Franco nor zen ere ez dakite, errepresio politikoa ez dute bizi izan, ez dute euskara arriskuan dagoenaren sentsaziorik edota euskararekiko errepresio bat dagoela sentitzen; ez dago kontzientziarik. Hori dela eta, gazte gehienek ez dute funtzionatzen kontzientziagatik aurreko belaunaldiek egin zuten bezala. Hori da aldaketa bat.
Bigarren ardatz bat da gazteek kontraesan bat antzematen dutela helduek beraiei eskatzen dietenaren eta gero helduek egiten dutenaren artean. Orduan, nolabait, gazteen berezko mugimendua denez helduen munduan sartu nahi izatea, oso garbi ikusten dute helduen mundua gaztelaniaz dela, eta horretara moldatzen dira. Helduak ez badira eredu, gazteek nekez egingo dute salto hori.
Hirugarren faktorea lotuta dago kultur kontsumoarekin. Azken urteotan izugarri aldatu da hori, orain sareak kanpoko eragileen esku daude: Internet, mundu mailako telebista kateak… euskarak ez du inongo kontrolik hor. Kontsumo hori, kultura, musika, sare sozialak… gaztelaniaz egiten dute.
Beste arrazoi bat izan daiteke gazte askok lortzen dutela gaitasuna eskoletan euskaraz egiteko, baina maila hori ez dela nahikoa. Nahiz eta elebidun izan, gaztelaniaz askoz hobeto egiten dute, etxeko hizkuntza gaztelania dute, kontsumoa ere gaztelaniazkoa, eta beraz, nahiz eta euskaraz jakin, hobeto egiten dute erdaraz. Aukera dugunean erosoen dugun hizkuntzara jo ohi dugu denok, eta hori gaztelania dute.
Elkarrizketa ele bikoa denean, gainera, datuek erakusten dute euskaraz ari dena dela lehena amore ematen.
Azalpen oso logikoa du horrek. Elkarrizketa batean zuk antzematen baduzu zure kideak hitz egiteko edo ulertzeko zailtasunak dituela, horrek deserosotasuna sortzen du. Egoera horretan, normalean, norbaitek amore eman behar du erosotasuna lortzeko. Nola lortzen dugu hori gurean? Gaztelaniara joz, denok ongi ulertu eta hitz egiten dugulako.
Ele biko elkarrizketei eusteko, gogoa ez ezik, prestakuntza ere behar da.
Gogoa, esateko: ‘Ez badiot honi eusten, beti galtzaile aterako naiz, eta besteak ez dira sekula moldatuko nire beharretara’; hori kontzientzia da. Bigarrenik, prestakuntza behar da. Komunikatzeko abilezia, zerbait ulertzen ez digutenean, demagun, prest egoteko polikiago hitz egiteko, esaldiak birformulatzeko, gure hizkera errazteko…
«Helduekin gaztelaniaz eta haurrekin euskaraz aritzen dena ez da eredu»
Bi baldintza horiek bateratzeko zailtasuna da euskararen kale presentzia eskasaren sortzaileetako bat?
Neurri batean bai, gainera, oso jende gutxik betetzen dituelako biak batera.
Hizkuntza guztiak erabileraren bidez egiten eta eboluzionatzen dira. Euskara batua ez bada erabiltzen egoera informaletan, ez da inoiz garatuko; haatik, garatzen baldin bada, orduan hasiko dira forma berriak sortzen. Erabilera da gakoa.
Euskara normaltasunez erabiltzen den tokietan, herri euskaldun txiki edo ez hain txikietan, horietan badago gazte hizkera eta euskara oso adierazgarria da, baina beste herrietan, batez ere euskara batua dutenetan, normalean, hizkuntza eskolaren bidez jaso da, baina ez dago kalean, eta ez da erabiltzen harreman informaletan: larrua jotzerakoan, mozkortzerakoan, txisteak kontatzerakoan… Ondorioz, ez da garatzen.
Hori ezin da inoiz ikastetxeetan ikasi. Munduko eskola batean ere ez da ikasi sexuaz intimoki hitz egiten [barre egin du], hori ikasten da hizkuntza kalean bizirik dagoenean. Behin euskaraz hasten garenean hitz egiten, orduan, euskara batu horrek formak bilatuko ditu, espresioak sortu, orduan hedatuko da; baina erabilerak izan behar du motor.
Nola jar daiteke martxan motor hori gazteen artean?
Bada beste gako bat: politikoa. Gazteek euskarari eutsiko diote, baldin eta gazteek beraiek horren beharra sumatzen badute. Alegia, gazte askorentzat, gaur egun, euskara da kanpotik datorkien zerbait, norbaitek ikastera behartu dituen zerbait, arrotz zaien zerbait.
Egoera horri buelta emateko nik uste eztabaida politikoa sortu behar dela gazteen artean, argi eta garbi planteatu: ‘Zer egingo dugu euskararekin? Bost axola digu! Pikutara euskara!’.
Garbi aipatu behar da jendeak zein sentimendu dituen, eta hor konturatuko gara badaudela gazte batzuk benetan euskaraz egin nahi dutenak eta beste batzuk ez dutenak hartarako inongo interesik. Lehenengoek egin behar dutena da erabili, eta horiek euskaraz egiten dutenean, orduan, haien inguruan zurrunbilo bat sortuko da, besteek ere ulertzen dutelako, eta nolabait mugimenduak erakarriko ditu beste asko, zeharka bada ere.
Behar dena da kontzientzia puntu bat, eztabaida politikoa, euskararekin zer arraio gertatzen den mahai gainean jartzeko behingoz. ‘Interesatzen zaigu, ala ez zaigu interesatzen? Utziko dugu hiltzen, edo berpiztuko dugu? Berpiztekotan, guk berpiztuko dugu, giltza garelako. Baina, nahi dugu, edo ez?’.
Uste dut, gainera, gazteen energia oso zuzena dela, oso gogorra, indartsua, eta hala hitz egin behar da haiekin, modu gogorrean, koplarik gabe. Gurasokeri handia dago euskararen gainean, ‘egin behar da, egin behar da’, guraso batek ematen dituen aholkuak bezala. Ez, ez: mintzatu behar da gazteen hizkeran, gordin, zakar eta zuzen.
«Gurasokeri handia dago euskararen gainean: ‘egin behar da, egin behar da’»
Gazteen artean gaitasuna, zorionez, nahiko zabalduta dago, eta batzuek benetako gogoa izango balute euskaraz aritzeko, izugarrizko eragina izango luke horrek inguruan.
Eztabaida piztu behar da, beraz.
Bai, bai. Esango nuke arazo bat konpontzen hasten garela, arazo hori ikusten dugunean. Ez badugu arazo bat dagoenik sentitzen, ez dugu ezer egingo. Hizkuntza gatazka aipatzen dugu, baina esango nuke gazte gehien-gehienentzat ez dela existitzen hizkuntza gatazka, ez dutela hori sentitzen, eta gatazkarik ez badago, orduan, zergatik egin behar da zerbait?
Nork bizi du hizkuntza gatazka? Euskaraz aritzen denak. Euskaraz bizi nahi baduzu, berehala konturatuko zara zein zailtasun dituzun horretarako, gatazka sortuko zaizu. Baina ez baduzu euskara erabiltzen, non duzu hizkuntza gatazka?
Belaunaldi oso batek ez badu gatazka hori sentitzen, oso zaila da horri buelta ematea. Horregatik diot gatazka politikoarena; lokartuta gaude, eta ahoan bilorik gabe hitz egin behar da, esnatzeko. Gatazka dialektikoa behar dugu berpizteko.
Txarretik ona dator, eta beharbada gatazka ez da atsegina, baina hori piztea funtsezkoa da euskararen alde mobilizatzen hasteko, ekintzetara pasatzeko.
Eztabaida hori gazteengandik gazteengana izan behar da, hor helduok ez dugu ezertarako sartu behar, guk baditugu gure konpondu gabeko arazoak. Zuk ez eskatu ezer inori, zu zeu izan eredu, zuk egiten ez duzuna ez inori exijitu. Hori da helduoi dagokiguna.
«Gatazka ez da atsegina, baina piztea funtsezkoa da euskararen alde mobilizatzen hasteko»
Zu zeu euskaldun berria zara. Erantzukizun kontua da euskalduntzea?
Garbi daukat euskara ikastea ez dela beste hizkuntza bat ikastea baino zailagoa; hizkuntza guztiak, teknikoki, antzekoak dira.
Hizkuntzak ikas daitezke modu aktibo edo pasiboan. Modu aktiboan aritzea, alegia, lortzea hizkuntza batean ongi-ongi hitz egitea, hori kosta egiten da, ez da erraza, jende guztiak ez du lortzen. Berriz, bigarren hizkuntza batean ulermen ona lortzea, hori nahiko erraza da.
Zergatik da zaila euskaraz hitz egitea? Ez dugulako ingurune sozial bat non murgiltzen garen modu naturalean eta etengabe entzuten dugun. Hizkuntza burua nekatuz egin behar dugulako, eta hizkuntzak gehienbat ikasten dira murgilduz; eremu batean sartuz non hori erabiltzen den.
Euskara zaila da ikasten hizkuntza minorizatua delako, kalean entzuten ez dugulako; hizkuntza normalizatua balitz, jendeak dezente gehiago eta errazago ikasiko luke, baina guk hori faltan dugu.
Ulermena jo izan duzu gakotzat.
Gure egoera soziolinguistikoa aipaturikoa izanik, euskalduntzeari begira aurrerapauso handiagoak emango genituzke indar gehiago emango bagenio ulermenari. Oso denbora gutxian lor daiteke euskara ulertzen ez duen pertsona batek euskara ulertzea, eta hori izugarrizko pausoa izango litzateke.
Gaur egun, kaleko talde egoera gehienetan, badira bi edo hiru euskara ulertzen ez dutenak. Agian besteok primeran egiten dugu, baina batzuek ulertzen ez dutenez, automatikoki ezinezkoa bihurtzen da euskaraz aritzea. Ulertuko balute, behintzat, posible litzateke hori.
Mito bat apurtu behar da: euskara ulertzea ez da zaila, ordu gutxi batzuekin lor daiteke. Ohiko euskalduntzea urte gehiegi dira, eta oso zaila da motibazioari hain luze eustea, oso jende gutxik lortzen du; berriz, ulermenean, epe motzean emaitza handiak lor daitezke.
Hortaz, alfabetatzea eta ulertzea bereizi beharko lirateke?
Gaur egun dena dago planteatuta bloke bakar bat bezala, entzumena, ulermena, irakurmena, idazmena, mintzamena… baina ulertu behar dugu gauzak ez direla horrela izan behar nahitaez. Soziolinguistikoki, jendea motibatzeko, oso ideia ona izan daiteke euskararen mundura ulermenaren bidez erakartzea.
Adibidez, ulermen saioak eskainiko balira euskaltegietan, ordu gutxitan askoz ere jende gehiagorengana iritsiko ginateke, eta behin urrats hori emanda, ulertzera iritsita, inguruko jende askok euskaraz egin ahalko luke haiekin.
Gaur egungo helduen euskalduntzeari, nik uste, lehen harri hori falta zaio, motibazio masiboa lortuko lukeena.
«Euskara zaila da ikasten kalean entzuten ez dugulako»
Eta, ulertu bai baina euskara erabiltzen ez duten helduen erronka zein da?
Seme-alabak dituzten familien kasuan, adibidez: haurrak haur diren bitartean, posible da komunikazio sinple batekin harremantzea haiekin, baina adin batetik aurrera komunikazioa zaildu egiten da, luzeagoa da, abstraktuagoa, aberatsagoa, eta gaitasun gehiago behar da.
Helduek ez badute eboluzio hori egiten euskaraz maila horretan aritzeko, zer gertatzen da? Bada, seme-alabak haur ziren bitartean lau gauza esateko, ongi, baina gero, ideia eta sentimendu konplexuak, eztabaidak egiteko, ez direla gauza.
Halakoak gertatzen zaizkie euskara helduen hizkuntza bihurtu ez duten pertsonei. Helduen, gurasoen, hizkuntza konplexua da, eta ez badute haien artean euskaraz egiten, garbi dago guztiz mugatua izango dela seme-alabekin izango duten komunikazioa, eta eurak oso txiki direnean bakarrik biziko direla euskaraz, gero ez baitira gauza izango.
Horrexegatik, diogunean helduok eredu izan behar dugula haurrentzat, benetako eredu izatean datza; alegia, helduekin gazteleraz eta haurrekin euskaraz aritzen dena ez da eredu. Hori inkoherentzia erabatekoa da, eta haurrei hori tapa dakieke adin batera arte, baina hortik aurrera tranpak funtzionatzeari uzten dio, txikiak argi eta garbi konturatzen baitira engainuaz. Horiek dira helduok ditugun etxeko lanak.
«Euskararen ulermena politikoki bermatuta ez egotea euskaldunoi oso babes gutxi ematea da»
Nola irudikatzen duzu etorkizuna?
Euskalgintzan urte askotan ibilita, badakit nolakoa den gure eremua, eta ohitu naiz itxaropenari ate asko ez irekitzen. Ideia onak izanez gero, kolpeak ikaragarriak dira, errealitateak gure nahietatik aparte funtzionatzen duelako; eta txarrak egiten badituzu, paralizatzen zaituen negatibismo batean murgiltzen zara. Hortaz, bada, ez dakit [barreak].
Edozein momentutan gauzak alda daitezke onerako edo txarrerako. Oraingo errealitatetik ikusten dut etxeko lanak, batzuk behintzat, zeintzuk diren; adibidez, lan handia behar da esparru soziopolitikoa, herriaren gogoa eta instituzioen erabakiak lerrokatzeko, edota, bestalde, euskararen ulermena unibertsalizatzeko.
Ez da posible Euskararen Legea egin zenetik mende erdia ia igaro den honetan, oraindik ere hainbeste jende egotea euskara ulertzen ez duena. Baldintza horietan ez dugu sekula aurrera egingo.
Hor, batetik, herriak gogoeta behar du, hiztunok ekin, baina beste parte bat hizkuntza politika da, eta hori instituzioei dagokie. Horiek ere etxeko lan asko dituzte, neurri orokorrak eta akordioak lortzeko, adibidez, ziurtatzeko euskararen ulermena; eta ez diot hitz egiteko gaitasuna! Ulermena diot, bermatzeko errazen dena. Oraindik ere hori politikoki bermatuta ez egotea euskaldunoi oso babes gutxi ematea da.
Ez dakit zein den soluzioa, baina, adibidez, baldin badator frankismoaren berpizkundea, edota Vox eta ultraeskuineko alderdien indartzea oso bortitz, alegia, hizkuntzen aurka egingo balute haiek goitik, beharbada muturreko egoera baten aurrean jendearen kontzientzia linguistikoa berpiztuko litzateke [barre egin du]. Auskalo!