30 ibilaldi bildu ditu Moises Gonzalezek 'Oiartzun bertan, bi orduz bueltan' liburuan
Ariketa fisikoa eginez Oiartzungo txoko ugari gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen du lanak. Argibideak emateaz gainera intereserako puntu, baserri eta etxeen gaineko informazioa ere ematen du.
Moises Gonzalez Aristizabalek Oiartzun bertan, bi orduz bueltan izeneko liburua kaleratu berri du, Oiartzungo Udalarekin elkarlanean. Herrian egiteko “30 ibilbide erraz” proposatu ditu, bi ordu inguruan egitekoak.
Proposatutako ibilaldi gehienak Elizalde auzotik abiatzen dira, baina Iturriotz edo Karrikan hastekoak ere jaso ditu. Ibilaldi bakoitzean argibideak ematen ditu, eta horrez gain, intereserako puntu, baserri eta etxeen gaineko informazioa ere ematen du Gonzalezen lanak.
Dagoeneko eros daiteke liburua, Urrats paper dendan, 10 euroren truke. Iosune Cousillas zinegotziaren arabera, “jarduera fisikoa eginez gure herria hobeto ezagutzeko aitzakia paregabea” da liburua.