Xanisteban Egun Artistikoa, herriko gazte sortzaileen eskutik
Antzerkia, musika, literatura, poesia... Diziplina ugari uztartuko dituzte gazteek, orotara, bost emanaldi berezi eskainiko dituzte.
Oiartzungo Gazte Sortzaileak taldeak Xanisteban Egun Artistikoa antolatu du hilaren 26rako (igandea da). “Margolanak ardatz dituzten pieza orgasmikoak” taularatuko dituzte gazteek, askotariko diziplinak uztartuta. Emanaldiak pleno aretoan egingo dituzte, 18:30etik aurrera.
Orgasmo Infinitua izeneko antzerki obra eskainiko dute lehenik June San Sebastianek, Udane Eskuderok, Xanbier Belaunzaranek, Izar Gaztelumendik eta Luix Mitxelenak. Ondoren, literatura eta musika uztartuko dituzte Amaia Belaunzaranek, Josu Ibargurenek eta Malen Elizasuk Hiru izeneko emanaldian. Izaro Retegik, Lohizune Telletxeak eta Izaro Telletxeak aldiz, Interdiziplinarra izeneko saioa egingo dute. Haien ostean, Ibai Zarketa, Ekain Elizasu eta Daniel Pikazo igoko dira oholtzara, Asegabezia antzerki lana eskaintzeko. Azkenik, Hutsetik bat-egin antzerki poetikoaz gozatuko dute herritarrek, Enara Hernandez, Oihan Astigarraga eta Alain Mendizabalek eskainita.
Sarrerak bost euroren truke eskura daitezke jada, Garmendi txokolategian.