Biharko Txerri Eguna, ezohikoa, baina guztiz «segurua»
Txerri Eguna mantentzea erabaki dute antolatzaileek, «kontrolagarria baita» haien ustez. Neurri zorrotzak hartuko dituzte, musukoa derrigorrezkoa izango da gune guztietan.
COVID-19ak iazkoa bertan behera utzi zuen arren, aurten bai, Txerri Egunak Oiartzun hartuko du bihar. Ez da ohikoa izango, pandemiaren egungo egoerak ez baitu baimentzen. Hala ere egitarau oparoa prestatu dute. Madalensoro, Elizalde Herri Eskolako pilotalekua, eta plaza izango dira jaiaren erdigune.
«Azken asteetan presio pixka bat sumatu dugu inguruko azoka guztiak bertan behera utzi dituztelako. Errazena erabaki berbera hartzea zen, baina ez zaigu justua iruditu, batez ere ekoizle eta artisauentzako. Kontrolagarria dela iruditzen zaigu, erantzukizunez jokatuz segurua izango baita», azaldu du Ttur-ttur elkarteko kide Aitzol Perez de San Romanek. Dena den, aurten ez dela txistorra usainik ezta topa egiteko aukerarik ere izango azaldu du. Izan ere, ez dute ohiko janari eta edari posturik jarriko, «kutsatzeko arriskua gutxitze aldera». Hori bai, urteroko artisau zein ganadu feriak mantenduko dituztela erantsi du pozik. «Ilusio handiz gaude, gogoz».
Artisau zein ganadu feria 10:00etan zabalduko dute, eta 14:00etara bitarte. 11:30ean, berriz, erraldoi txikiek kalebuelta egingo dute herriko plazatik abiatuta. 13:00etan hasita, Itturri Merkatarien Elkartearen, Errigorako saskien eta Paeta zaharrak erantzun mahai jokoen zozketak egingo dituzte.
Gune guztietan uneoro musukoa eraman beharko dela gaineratu du Perez de San Romanek, baita distantziak mantendu ere. «Erantzukizunez jokatzeko eskatzen dugu, baina jendea animatu dadila, egun polita izango da».
Bide batez, baserritarrez jantzita bertaratzeko deia egin diete oiartzuarrei, «giroa alaitzeko asmoz».