Lehen Mailako Arreta «arrisku bizian» dagoela salatu dute Oiartzungo anbulatorioan
Pandemian arretak oro har «okerrera» egin duela salatu dute, «interes politikorik ez dagoelako». Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute mobilizazioa.
Eskualdeko anbulatorio guztietan bezalaxe, pandemiari aurre egiteko bitartekorik gabe daudela salatzeko bildu dira Oiartzunen langile ugari gaur goizean, Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egindako deialdiari erantzunez.
Lehen Mailako Arreta «arrisku bizian» dagoela salatu dute bertaratutakoek, finean, «zerbitzua desegiteko programatutako estrategiekin jarraitzen» dutela. Horren aurrean, premiazkotzat jo dute «zerbitzu horren egiturazko defizit hori berregitea». Arretak oro har «okerrera» egin duela nabarmendu nahi izan dute, «interes politikorik ez dagoelako» sindikatuen arabera. Langileen eskubideak errespeta ditzatela exijitu dute, lan baldintza duinak eta baliabide gehiago eskatu dituzte.