[Elkarrizketa] "Jokatzen dugun guztia irabaztea da helburua"
Eskubaloi afizio handia ez duen herri batetik dator Ainhoa Etxeberria. Futbolerako probak egin bazituen ere, bere lagun baten amak eskubaloira apuntatzeko esan zion oiartzuarrari. Honakoa du hirugarren urtea Bera Beran, elitean: bi Liga irabazi ditu jada donostiarrekin, eta hirugarrena jarraian lortzeko bidean da.
Denboraldi bikaina daramazue Bera Beran. Sailkapeneko lehen postuan zaudete Ligan, hiru puntu ateratzen dizkiozue bigarren den Rocasari eta oraindik galdu gabe. Espero zenuten horrela hastea?
Ez duzu inoiz espero horrela hastea. Beti jartzen zara egoera txarrenean, esanez zer gertatuko litzatekeen partidaren bat galduko bagenu, edo nola joango ginatekeen egoera hipotetiko batean. Baina taldea mentalitate indartsuarekin ateratzen da partida guztietara, eta lehen postuan eta hiru puntuko abantailarekin joatea espero ez bagenuen ere, sailkapeneko lehen postuetan egotea espero genuen. Denboraldi hasiera oso ona eta biribila izan da, espero dugu horrela jarraitzea.
Nola ikusi duzu taldea Liga hasiera honetan?
Talde orok bezala, gureak ere gorabeherak izan ditu. Ligan oso gogor mantendu gara, baina denboraldi hasieran gorabeherak izan genituen. Lesio pare bat ere izan genituen, baina ezusteko horiei aurre egiteko gai izan gara, eta nik uste hori guztia lortu ditugun emaitzetan ikusi dela.
Pertsonalki nola doakizu sasoia?
Ondo doakit. Taldeari ahal den heinean laguntzen saiatzen ari naiz, eta hilabete gogor hauek ere aurrera eramaten ahalegintzen ari naiz. Eduki ditugun bidaiak ere oso gogorrak izan dira. Gogoratzen dut aste berean Galizian asteazkenean, eta Errumanian larunbatean jokatu genuela. Denbora gutxian bi bidaia luze izan genituen, lehena Ligakoa eta bigarrena Europakoa. Hortaz, oporretan errekuperatzen eta deskantsatzen saiatu naiz ahalik eta hobekien itzultzeko.
Azken asteetan Liga etenda egon da Munduko Txapelketagatik. Guztira bi hilabete izango dira Ligan lehiatu gabe [Bera Berak azaroaren 17an jokatu zuen azken partida eta urtarrilaren 16an itzuliko da kantxetara, Lanzaroten]. Nola bizi izan dituzue lehiaketa gabeko aste horiek? Nola ikusten duzu taldea itzulerara begira?
Astelehenean hasi ginen berriro entrenatzen. Honen tankerako txapelketa luzeak ditugunean Ligan etenaldi oso luzeak edukitzen ditugu. Izan ere, ez da bakarrik txapelketa jokatzeak dakarren denbora kontuan hartu behar, partida horien prestaketa ere beregain hartu behar da. Hori dela eta, denbora dezente igarotzen dugu jokatu gabe.
Gure taldean, zorionez edo zoritxarrez, jokalari asko joaten dira horrelako txapelketetara [lehen taldeko bost jokalari, Maitane Etxeberria lezoarra tarteko, eta Imanol Alvarez entrenatzailea izan dira Munduko Txapelketan]. Gure kasuan hamar edo hamaika jokalari geratu gara Donostian entrenatzen. Jokalari kopuru horrekin zaila da entrenamenduak aurrera eramatea, baina moldatzen gara, urtero gauza berbera pasatzen zaigulako. Esperientzia pixka bat badaukagu horrelako egoerekin. Denbora horretan entrenamendu horiez disfrutatzen saiatu gara, eta jokatu ditugun lagunarteko partidak aurrera eraman ditugu. Gogoz gaude lehiaketara itzultzeko.
Zuk ez duzu Munduko Txapelketa jokatu, baina denbora honetan Euskal Selekzioarekin ikusi zaitugu lehian. Nolakoa izan da esperientzia?
Oso esperientzia polita izan da. Gazteagoa nintzenean jokatu nuen Euskal Selekzioarekin, baina ez da berdina gaztetan edo Senior Mailan Euskal Selekzioaren elastikoa eramatea. Gainera, Eibarren eta Bizkaian jokatu dugu, etxean, eta oso esperientzia polita izan da, asko disfrutatu dut.
Apirilean Erreginaren Kopa jokatuko da Gipuzkoan eta zuek zarete etxeko taldea. Derrigorrezkoa da Bera Berarentzat txapelketa on bat egitea, ezta?
Garrantzitsua da guretzat Kopan lan on bat egitea. Inguruko jende, jokalari eta klub txikiak bertaratzea eta partidak ikustea, eta gurekin batera disfrutatzea garrantzitsua da guretzat. Azken batean etxean jokatzen dugu, eta haien animoak harmailetatik entzuteak beharbada Kopa etxean geratzea ekarriko du.
Denboraldi honetan ere Europan barrena jokatu duzue. Txapeldunen Ligatik kanpo zaudete jada, baina zuk bertan lehiatu duzu. Nolakoa izan da horrelako txapelketa garrantzitsu batean jokatzea?
Europako Txapelketa oso berezia da. Munduko beste jokalarien eta taldeen kontra lehiatzen duzu eta askok oso ezberdin jokatzen dute. Taldean sortzen den giroa eta atmosfera espeziala da, eta gogo handiarekin hartzen den txapelketa da. Horrez gain, Ligan edukitzen dugun presio hori kentzeko modu bat ere bada.
Sasoiaren herena beteta, zeintzuk dira denboraldirako jarri dituzuen helburuak?
Jokatzen dugun guztia irabaztea da helburua, hau da, Liga eta Kopa irabazi nahi ditugu. Ligari dagokionez, jakina da erregulartasunaren lehiaketa dela, eta egunerokotasunean pixkanaka lan eginez aurreko urtean bezala borrokatuko dugu irabazten saiatzeko. Momentuz, bide onetik goaz. Koparen kasuan, etxean jokatzen dugunez, eta azken bi urteetan irabazi ezin izan dugunez, gure zaleen indar eta babesarekin lortzen ahaleginduko gara.
Hau da zure hirugarren denboraldia elitean. Nolakoa izan da bertara heltzeko ibilbidea?
Eskubaloian hasi nintzenetik gorantz eta hobetzen joan da nire ibilbidea, uste dut bilakaera ona izan dudala. Jubeniletan Euskal Ligan jokatzen nuen. Ondoren, Bilbora joan nintzen Medikuntzako Gradua ikastera, eta bertan nintzela, Bigarren Mailako San Adrian taldean jokatu nuen hiru urtez. Ikasketengatik etxera itzuli nintzenean, Bera Beran jokatzeko aukera sortu zitzaidan, eta birritan pentsatu gabe hartu nuen, oso aukera ona baitzen niretzako.
Aurrez esan bezala, Bigarren Mailan lehiatu zenuen San Adrianekin eta Bera Berarekin Lehen Mailan jokatzeko aukera izan duzu. Kategoria aldaketa hori sumatu zenuen?
Bi kategoriak oso ezberdinak dira. Bigarren Mailatik nentorren, eta ez nintzen talde xume edo igo berri batekin hasi, Bera Bera bezalako esperientzia handiko talde batekin hasi nintzen. Exijentzia oso handiarekin egin nuen debuta Lehen Mailan. Bi kategoriak oso ezberdinak dira eta asko nabaritzen da mailen artean dagoen diferentzia.
Bera Beran zaudenetik bi Liga eskuratu dituzue, eta hirugarrena ere bidean da. Zer sentitzen da horrelako zerbait lortzean?
Lehen Liga irabazi genuenean ez nuen ezer berezia sentitu, ez genuelako ospatzeko aukerarik izan, eta ospatu ez genuenez, ez nintzen lortutakoaz kontziente izan. Egia da domina etxean dudala, baina ez nintzen garaipenaz kontziente izan. Bigarrena, aldiz, ospatu genuen, eta ikusten duzu nola urte guztiko lanak bere fruituak ematen dituen. Oso espeziala eta hunkigarria izan zen.
Esan daiteke ohiko bihurtu duzuela irabaztearena, ezta?
Irabaztearen ohitura hori lortzeko asko borrokatu dugu. Eguneroko lanean islatzen diren gauza txikiak dira trofeoak edo dominak, baina guk argi daukagu urte osoko lan gogorraren emaitza direla garaipenak. Ez dakit irabazteko ohitura daukagun, baina irabaztea asko gustatzen zaigun zerbait da eta horretarako borrokatzen dugu entrenamendu eta partida guztietan.
Betidanik alboan jokatu baduzu ere, pibote bezala aritzen zara orain. Nola bizi izan duzu trantsizio edo postu aldaketa hori?
Postuz aldatzea ez da erraza izan. Psikologikoki zaila da talde bati laguntzea zurea ez den postu batean jokatzen duzunean. Zure konfort-zonatik ateratzen zarenean nahiko galdua sentitzen zara. Taldeari lagundu nahi diozu, eta askotan ez dakizu nola egin. Egia esan, pibotean jokatzen duten nire taldekideek asko lagundu eta erakutsi didate, eta gaur egun nik egiten dudan lan dezente hori beraiengatik dela esango nuke.
Oiartzuarra zara, eta Oiartzunen ez dago eskubaloi talderik. Nondik datorkizu eskubaloiarekiko zaletasuna?
Kirola betidanik gustatu izan zait. Eskola Kirolean, esaterako, asko disfrutatzen nuen kirol guztiekin. Oiartzuarra izanik, futbolean apuntatuko nintzen, Oiartzunen futbolarekiko afizioa handia baita. Gainera, herrian ez daukagu eskubaloi talderik. Futboleko probak egin nituen Oiartzun Kirol Elkartean, baina lagun baten ama etorri zitzaidan esanez altuera handia nuenez eskubaloira apuntatu behar nuela futbolaren ordez. Ez nintzen hasi idoloren bat edo ikusi nuen norbait eskubaloian zebilelako, niri eskubaloira apuntatzeko esan zidaten eta hori egin nuen, eta egun, jokatzen eta lehiatzen dihardut.
Eskubaloitik bizi daiteke? Edo, beste zerbaitekin uztartzen duzu eskubaloia?
Eskubaloitik bizi daiteke, noski. Nire taldekide asko eskubaloitik bizi dira, baina gure kiroletik bizitzea zaila, gogorra eta sakrifikatua da. Ni ez naiz eskubaloitik bizi, Medikuntzako Gradua egiten ari naiz etorkizunean mediku izan nahi dudalako, eta horrekin uztartzen dut eskubaloia. Bizi daiteke eskubaloiaz? Bai. Baina, denok bizi gaitezke bertatik? Ez.