[Audioarekin] Grina
Iraganeko oroitzapenak norberarengan bizi dira; demagun, jaioterrikoak. Izan daitezke oroitzapen deigarriagoak, bidaietakoak. Baina sarkorragoak beti, heriotzarenak eta maitasun hautsiarenak.
Irudimena boteretsua da. Irudika daiteke (inoiz) gertatuko ez den zerbait. Amestu daiteke, nola ez ba, gau bateko loaldi onirikoan. Baina esna amestea ere ez dago soberan gaur egungo garai ilun hauetan. Eta iluna ez zen soilik izan udazkenean hiru astez jarraian zeruak eskaini zuen aurpegi meteorologikoa.
Etsipenez bizitzea gaitz kutsakorra bilaka daiteke. Etsituta esnatzea eta oheratzea ez da batere osasuntsua arimarentzat. Behar du arimak eguzki izpiz elikatu: irudimenak bidal ditzake argizko izpiak. Bidal ditzake izpiak sormeneko kultur arloko bizipen sentikor batek ere; aringarri izan daiteke (beti) kontzertu bat, antzezlan bat, poesia errezitaldi bat, zinema areto bateko proiekzio bat, hitzaldi bat… Zorioneko zoria izan dut Oiartzualdeko eta Bidasoaldeko sortzaile zoragarriak ezagutzeko.
Baina izan daiteke aringarria ere, gero eta isolatuago nahi gaituzten garaiotan, senideen bilkura bat, lagunarteko bazkari edo afari bat, norbait berria ezagutzeko momentu berezi bat edo egunero betebeharrak betetzen direnekin bestelako ametsak konpartitzeko hitz aspertu bat.
Min guztiak ezin dira berehalakoan arindu. Azal gainean gelditu ohi dira orbanak. Sufritutakoa ere bagara gure baitan. Nola ba, ezinbestean bada.
Baina bizirik sentitzeko, ezustekoetarako prest behar dugu egon. Ezustekoak jaso eta emateko gaude, irudimenaren boterea lagun. Ez daitezela denak txarrak izan. Edozein unetan piztu daitekeen sormenaren indarrarekin, eguzki izpiz bete daiteke arima eta barrena. Edozein momentutan piztu daitekeen su gar bat izan dezakegu denok ateratzeko prest.
Eta, agian, ondo legoke, gure aiton-amonen hitzetatik eta ekintzetatik ikasteaz gain (ez dut ahaztuko zenbait lezoarrek memoria historikoaren gaian egiten duten lan zoragarria), gazteen grinari errespetuz erreparatzea. Duintasun handiko gazteria ikusten dut Euskal Herriko eskualde askotan. Ez naiz hasiko pandemia garaian gazteak nola kriminalizatu dituzten aipatzen, denok badakizue eta. Baina badut beharra esateko benetan izan behar dela konfiantza gazteengan. Poesia eta prosa askea dira gazteak, doinu eta erritmo aberats eta ameslarietan. Eta haiei hegoak mozten saiatzea etsipenean bizitzearen parekoa da. Horregatik, nire deiadarra Lezoko eta Euskal Herriko gazteen alde. Zuek zarete oraina, oraina duina.
Deitoragarri, zinez deitoragarri zenbait agintariren jokabidea. Osakidetza eta Osasunbidea giza baliabiderik gabe uzteak dakarren guztiaz aparte, zer nola ukatzen duten haien bizitza; ematen baitu ez direla inoiz izan gazte. Ez al dira haur ere inoiz izan.
Eta ez da kontua gaztaroko garaien nostalgiaz itotzea. Baizik eta gazteen askatasun nahiari burua zabalik izatea. Azken garaitan hain modu zikinean perbertitu duten askatasuna hitza berreskuratu beharrezkoa baita, bidenabar. Askatasunik gabe bizitzea zer den dakiten presoak ere ez dira ahaztekoak. Eta gure herriak, estatuen kultur inperialistetatik libre, bidea egin behar duela ere badaukat amesteko.
Euskal gazteekin egin ahalko genuke hori, edo ez da egingo.
Euskal Herria libre euskaldun bat amesten dut. Amesten dut euskaldun eta libre Euskal Herria. Ez ahaztu gazte: ametsak betetzeko daude.
OHARRA: Utzi Urkizuk podcasta du abian, ‘Kroketak’. Zutabe hau bertan entzun daiteke haren ahotsarekin. Klik egin hemen eta sartu podcastean.