Ingurumena lehentasunezko esku hartze eremu bihurtzeko eskatu du Eguzkik
Ingurumen atalari diru gehiago eman diola aitortuta, eremu horretako inbertsioetan ez dela diru zatia neurri berean hazi, baizik eta murriztu salatu du talde ekologistak.
Ingurumenarena, lehentasunezko eremutzat jotzea nahi du Eguzkik. Ezinbestekoa deritzo, klima aldaketari aurre egingo bazaio berandu baino lehen. Komunikabideetara helarazitako ohar baten bidez, Errenteriako Udalak Ingurumen atalari diru gehiago eman diola aitortuta, eremu horretako inbertsioetan ez dela diru zatia neurri berean hazi, baizik eta murriztu salatu du talde ekologistak, “guretzako zehazki, hori da atalik garrantzitsuena, inbertsioena”.
Ingurumen Sailaren aurrekontuek ezin dutela aurreko urteetako dinamika jarraitu ere esan du Eguzkik, “ezinbestekoa da bultzada berezia ematea. Ezin gara errealitatetik aldendu, larrialdi klimatiko egoeran bizi gara, eta bete-betean bizi dugun egoera horri erantzun proportzionala eman behar diogu”. Zientzialariak aipatu ditu, gainera, Eguzkik, eta azken horiek klima aldaketari aurre egiteko diru-kopuru handia bideratu behar dela esan dutela azaldu du, “hori erakunde guztien aurrekontuetan islatu behar da, goi mailakoetan eta tokikoetan”.
2022rako aurkeztutako aurrekontuak ez diola arazoaren tamainari erantzuten gaineratu du talde ekologistak, “aurrekontu orokorra Ingurumen arloan %5,14 igo den arren, inbertsio atala ez da handitu aurreko urtekoarekin alderatuta”.