Gomez eta Arriola bat eginda agertu dira goizeko bileran. Altza eta Galtzaraborda arteko bidea martxan jarri eta "segidan" bota nahi dute zubi zaharra.

Gaur goizean bildu dira Eusko Jaurlaritzan Izaskun Gomez Pasaiako alkatea eta Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua, Antxoko topoaren obren gainean mintzatzeko.
Mintzagai nagusia egun topoa sostengatzen eta barrutia erdibitzen duen zubibidearen eraisketa izan dute, hori baita, hain zuzen, bizilagunen kezka handienetakoa. Horri dagokionez, azpiegitura deuseztuko dutela berretsi bai, baina data berririk ez dute eman: Altza eta Galtzaraborda arteko saihesbidea martxan denean botako du Euskal Trenbide Sareak (ETS) zubi zaharra.
Bi kilometroko luzera izango duen tarte hori erabilgai egoteko aurreikusiriko epea 60 hilabetekoa (5 urte) da; 46 hilabete obra zibila egikaritzeko eta beste 14 instalazioak hornitu eta beharrezko zerbitzu probak egiteko. 64,1 milioi eurokoa da Eusko Jaurlaritzak hartara bideratuko duen aurrekontua.
ETSk lanei “datozen asteetan” ekingo diela aitortu dute arduradunek. Horiei lotuta, Pasaiako alkateak bizilagunekin harturiko konpromisoa urtarrila bukatu aurretik konplituko duela adierazi du udalburuak: “Hilabete honetan bertan, Pasaian, ETSko teknikariek lanen nondik norakoak azalduko dizkiete antxoarrei”.
Merkantzien saihesbidea
Joan den azaroan esleitu zuen ETSk Herrera eta Irun arteko topoaren tartean merkantziak garraiatzeko trenbide saihesbidearen alternatiben azterlana. Horrekin lotuta, Pasaiako portura trenbidea sartzeko eraikuntza proiektua “bukatzen” ari direla adierazi dute arduradunek.
Pasaiako alkateak aurretik adierazitakoaren arabera, egungo topoaren zubia lurpeko bidea martxan jarri eta berehala ez eraistearen arrazoia merkantziak lirateke. Karga horiek ezinbestean trenbide zaharretik eraman beharko lirateke, gaurdaino moduan, ordezko aukerarik ezean (egun ez da halako beste aukerik, eta alternatibak aztertzeko, hain zuzen, esleitu berri dute aipaturiko azterlana).
Iñaki Arriolak adierazi du egungo bidezubia kendu ahal izango dela, betiere, bidaiarientzako topo adar berria zerbitzuan jarri eta portura sartzeko obrak horiek bukatu ostean. “Merkantzien saihesbide berria abian jarri arte”, argitu du, “zero isuriko garraioetan oinarritutako soluzio alternatiboak emango dizkiegu Irunen jatorria eta helmuga duten trenbideko zirkulazioei”.