Palencia: "Kiroldegien kudeaketa txarrak 100.000 euroko gainkostua suposatuko du"
100.000 eurotik gorako gainkostua erakarri duela kiroldegien "kudeaketa txarrak" salatu du PSE-EEk.
100.000 eurotik gorako gainkostua erakarri duela kiroldegien “kudeaketa txarrak” salatu du PSE-EEk. Agerraldia egin du gaur Isaac Palencia PSE-EEren bozeramaileak sozialisten egoitzan gaiaren gaineko balorazioa egiteko, eta Kirol zinegotzia eta alkatea jarri ditu jomugan.
Joan den asteartean agerraldia egin zuen Aizpea Otaegi alkateak, Bernar Lemos zinegotziarekin, eta Maite Gartzia Kirol zinegotziarekin batera. Bertan jakinarazi zuten, BPXport enpresak utzi egin zuela udaleko kirol-instalazioen kudeaketa, eta horrenbestez, udalak beregain hartu duela instalazioen eta langile subrogatuen kudeaketa. Kiroldegiak normaltasunez ari direla funtzionatzen hilaren 1etik ere jakinarazi zuten agerraldi horretan, eta esleipen berri baterako lizitazioa irekita zegoela jada.
“Oarsoaldea garapen agentziak 102.247,67 euro kobratuko dizkio udalari kiroldegien kudeaketa hiru hilabetean egiteagatik—esan du Palenciak—, eta gainkostu horrek bi arduradun ditu alkatea eta Kirol zinegotzia, behar zen unean lizitazioa esleitzeko gaitasuna izan ez dutelako”. “Aurreikuspen falta” egotzi die, gainera, biei, “esleipena egindakoan ez zen enpresarik aurkeztu, eta BPXport enpresari nahitaezko luzapena ezarri zion”.
Atzera begira jarri da sozialista eta Errenteriako kirol instalazioen kudeaketa egiteko esleipen prozesua zabaldu zutela iazko otsailaren 21ean azaldu du, “hutsik gelditu zen ez zelako enpresarik aurkeztu lehiaketara, baldintzak ez zirelako interesgarriak”·. Une hartan, nahitaezko luzapena onartu zuela dekretu bidez alkateak gaineratu du Palenciak, “eta kontratua amaitua bazuen ere, zerbitzua ematen jarraitzera derrigortu zuen enpresa. Bederatzi hilabetez izan da egoera hori, pasa den abenduaren 31 arte”. Bederatzi hilabete horietan zerbitzua berriz ez esleitzea “arduragabekeria” izan dela erantsi du.
Oarsoaldea Garapen Agentzia kiroldegien kudeaketarako “baliatzea” ere kritikatu du Palenciak, “ez da bere egitekoa halako zerbitzuak eskaintzea, eskualdearen garapen ekonomikoa sustatzea baizik”.
Kiroldegietakoa ez dela kasu bakarra esan du sozialisten bozeramaileak: “Egoera berean izan diren edo egun diren bestelako zerbitzuak dira udalerrian; Erdialdeko, Beraungo eta Pontikako jubilatuen egoitzak, Beraun eta Fanderiako futbol zelaietako kantinak, urteak itxita daraman San Marko gotorlekuko ostalaritza zerbitzua, edota lizitazioa berandu ateratzeagatik iaz zegokiena baino hiru hilabete beranduago martxan jarritako ludotekak”.
“Arurak hartzeko” eskatu dio gobernu taldeari Palenciak amaitzeko, “oraindik orain ez dakigu zein ondorio ekonomiko eta juridiko izango dituen, ezta langileei edota zerbitzuari berari eragingo ote dion egoerak”.