"Indarrak batu eta eraldaketa bultzatu behar dugu"
Oreretako Mugimendu Feministak deituta, hamarnaka herritar bildu dira Niessen merkatalgunearen sarrerara gaur arratsean Sara Pinaren erailketa salatzera.
Kalea hartu dute beste behin ere. Nekatuta eta haserre, enegarrenez esan dute indarkeria matxista arazo estrukturala dela, eta tamaina horretan erantzuteko baliabideak ezinbestekoak direla. Oreretako Mugimendu Feministak deituta, hamarnaka herritar bildu dira Niessen merkatalgunearen sarrerara gaur arratsean Sara Pinaren erailketa salatzera.
Mugimendu feministak aurreikusi du aurtengoa ere ez dela urte erraza izango, “urtearen lehen hamabost egunak pasa ez direnean, dagoeneko lehenengo erailketa matxistaren berri izan dugu. Garbi dago emakumeen aurkako indarkeriak ez duela etenik”.
Indarkeria matxista gizarte osoaren arazoa dela nabarmendu dute, “nazkatuta gaude behin eta berriz berdina oihukatzeaz, ez gara isilduko”. Baliabideak eskatu dizkiete instituzio publikoei, “eraldaketa soziala lortu nahi badugu, alderdi ezberdinetatik lan egin behar dugu denok batera. Gizarteak aldaketa beharra dauka, eta jarrera matxistak eta sexistak behingoz bukatu behar dira”.
Horren harira, osasungintza, hezkuntza eta justizia publiko eta unibertsal bat aldarrikatu dute, “izan ere, babestu behar gaituztenen joko arauak berriro porrot egin du. Zerbitzu publiko osasuntsuak eta biolentziarik gabeko espazio seguruak behar ditugu, pairatzen dugun biolentzia erreproduzitzen jarraitzea ekiditeko”. Halaber, eraldaketa bultzatzera deitu du mugimendu feministak , erasoak salatu, eta espazio seguruak bermatzera, “guzti horretarako indarrak batu eta eraldaketa bultzatu behar dugu”.
Itxaropenari ere utzi dio tarteak mugimendu feministak gaurko elkarretaratzean, “denon artean lortuko dugu. Borroka hau geldiezina da, eta feministok beti izango dugu indarra eta ausardia aurrera egiteko, izan direnengatik eta izango direnengatik”. Argi esan dute gizarte hobeago batekin sinistuta daudela, “arrazakeria, biolentzia eta gorrotorik gabea, denok bizitza duin bat nahi dugulako, eta horretarako eskubidea aldarrikatzen dugulako”.