[Elkarrizketa] «Aldatuta gatoz, musikalki eta baita funtzionamenduan ere»
Hogei urte besterik ez zituen sanpedrotarrak «oholtza gainean hazi den taldea» sortu zutenean. Hamarkada pasatxoko atsedenaldiaren ostean bueltan dira. Disko berriaz mintzatu da abeslaria.
1997an sortu zen Asgarth heavy metal taldea Añorga Txikin (Donostia). 2005ean argitaratu zuten euren laugarren diskoa, Garraisia, eta bi urte geroago egin zuten garrasi azken aldiz oholtza gainean, hamar urteko ibilbidea 2007an etenda. Orain, bueltan dira.
Lehen garaiko hiru taldekide, Asier Enbil (ahotsa), Ander Cañas eta Unai Zabala (gitarrak) eta bi kide berri Mikel Yarza (baxua) eta Etxahun Urkizu (bateria) prest dira orain hamahiru urte atzean utzirikoa berreskuratzeko. «Eraberrituta» datoz, nahiz eta birusa traba ugari jartzen ari zaien eszenatoki bat berriro hartzeko. Gaurdaino programaturiko kontzertuak atzeratu behar izan dituzte.
2020a hastearekin batera zabaldu zenuten albistea: hamahiru urte eta gero, Asgarth bueltan zen. Uste baino luzeago jo al zizuen etenaldiak?
Agian bai. Bueltatzearen ideia beti eduki dugu, baina beharbada gehiegi luzatu zen asuntoa, norberaren kontuengatik.
Bi kide berrirekin [Yarza eta Urkizu] bueltatu zineten 2020an.
Dudarik gabe aldatuta gatoz, bai musikalki eta baita taldearen funtzionamenduari dagokionez ere. Musikalki, haiek Hilotz taldetik datoz, gure estiloa baino potenteagoa dakarte, thrash metala egiten baitute. Zentzu horretan, indar handia eman diote base erritmikoari, are gehiago haiek bateria eta baxua izanda. Aire berriago bat, gazte eta freskoagoa, eman digute.
Horrez gain, diseinu aldetik, baita bideoak sortu edo sarrerak salgai jartzeko asko lagundu digute. Trikimailu berriekin ere, orain in ear belarriko entzungailuekin hasi gara jotzen haiek proposatuta, eta deskubrimendu bat izan da.
Birusagatik ezin izan duzue oraindik oholtzarik hartu.
2020ean itzulerarako programatutako kontzertua bertan behera utzi behar izan genuen, eta biharko nahiz hilaren 26rako aurreikusitako emanaldiak atzeratu behar izan ditugu egungo egoeragatik.
Hainbeste urte eta gero egia da oholtzara igotzeko izugarrizko gogoarekin gaudela, eta frustragarria da, baina tira, bi urte hauek balio izan digute abesti zaharrak berreskuratzeaz aparte berriak sortu eta disko bat prestatzeko; ez dugu denbora galdu.
Irailean grabatu genuen, eta, egia esanda, ez dakigu noiz argitaratuko dugun, ez dugulako diskoa argitaratu eta kontzerturik ezin emanda ibili. Egoera lasaitzen denean diskoa atera eta orduan hasiko gara hura zabaltzen.
Kontzertuei begira, argi izan dugu hasieratik lehenengoek behintzat abesti zaharrak eduki behar dituztela; hori da, gainera, jendeak eskatzen diguna. Gero etorriko dira abesti berriak, baina orain jendeak abesti zaharrak dakizki, eta horri balioa eman behar diogu.
Harrera beroa jaso duzue. Biharko kontzertua izango zenerako sarrerak bost ordutan agortu ziren.
Zentzu batean, Añorgako kontzertu hura atzeratu izana ez datorkigu guztiz gaizki, arrakasta ikusita hausnartzen ari garelako bi kontzertu egitea agian Añorgan bertan, egia baita jende asko kanpoan gelditu dela.
Ideia martxo aldera aritzea litzateke, baina tira, pandemiak markatuko ditu datak. Gauza bat dugu argi: talde asko aritu dira kontzertuak eskaintzen jendea eserita zegoela, edo edukiera oso murritzekin, baina gure kasuan, hainbeste denbora eta gero, behar duguna da ahalik eta normalena den kontzertu bat; kontzertu bat, usadio zaharrean.
Gehiago itxaron behar badugu horretarako, itxarongo dugu. Baina uste dut merezi duela egiten duguna ongi eta, ahal dela, lehengoaren tankeran egitea.
Hamasei urteren ondoren, abesti berria atera duzue argitara. Zeldatik da aurten kaleratuko duzuen izen bereko disko berriaren aurrerapena. Zertaz mintzo da?
Askatasunari eginiko abesti bat da. Letrari dagokionez norberak nahi duen moduan interpreta dezake, baina dio askotan mututu nahi gaituztela, ideiak isilarazi, eta nahiz eta pertsona bat zeldara sartu edo espetxeratu ideiek hor dirautela eta ezin direla isildu edo mututu.
Sorkuntza prozesua elkarlanean egin ohi duzue?
Orain arte erritmo bat sortu, horri heldu eta bertatik hasi gara abestiari forma ematen. Normalean gitarristek ideia bat ekartzen zuten eta hortik hasita melodia sortu eta inspiratzen zigunaren arabera egin ohi genuen letra. Disko honetan horrela ere funtzionatu dugu, baina aurrenekoz abestiren bat ahotsetik sortu da eta horri musika jarri diogu gero.
Aski zentzutan zatozte, beraz, berrituta.
Bai. Laugarren diskoan abestiak hard rockeroagoak ziren, hala atera zitzaigun, eta heavy metal klasikotik gehiago aldendu ginen beharbada. Egia da azken honetan erraietara bueltatu garela, hasierako abestiekin antza handiagoa dute.
Asgarth oholtza gainean hazi den talde bat izan da, musikari bezala egin dugun eboluzioa jendaurrekoa izan da. Pentsa, gure lehenengo diskoarekin oso gazteak ginen, nik hilabeteak neramatzan abesten. Disko honetan, beraz, nahiz eta hasierakoekin antza handiagoa izan, kalitate aldetik jauzi handia egin dugu.
Nik uste aldaketa, batez ere, kalitate horregatik dela, baina kutsua, estiloa, zeharo mantentzen da. Gure jarraitzaile batek disko honetako abesti bat entzuten duenean berehala antzemango du Asgarth dela.