[Erreportajea] Mendizaletasuna goxo-goxo, Xoxolurren eskutik
Familia giroan egiten dituzte irteerak, eta euskararen arnasgune ere badira. Xoxolur Mendi Klubak 2022ko irteerak asteburuan hasiko ditu, Andatzarako bidea hartuz.
2021eko irailean berrekin zion Xoxolur Mendi Klubak jarduerari, hiru irteera eginez joan berri den urtean. Pandemiak geldiarazi zituen haien ordura arteko txangoak, baina ez gogoa. Familia giroan, haurrak gurasoekin, egiten dituzte bidaia txikiak. Euskararen arnasgune ere bada malden —gorakoak eta beherakoak—zaleen elkargunea. Aldi berean, herrigintzarako tresna ere bada Xoxolur, mendizaletasuna baliatuz lezoarren arteko elkar ezagutza, eta ondorioz, elkar eragina era naturalean garatzen dutelako ohitura osasuntsuak sustatuz.
Irteerak egunekoak egiten dituzte normalean, baina izan dira gaua pasatzekoak, edo hainbat etapatan garatutakoak. Euskal Herriko gailurrak bere egitearekin batera, bertako herriak ere ezagutzen dituzte.
2022ko lehen irteera igandean egingo dute, Andatza mendira. Izen emateen aroa atzo bertan bukatu zen. Lokartu eta apuntatzeko tarterik izan ez dutenek, baina, aukera izango dute 582 metroko gailurra egiteko aukera taldearen arduradunekin harremanetan jartzen badira.
Hori horrela, ikasturteak iraun bitartean hilabetero irteera bat egitea da euren asmoa, nahiz eta osasun egoeragatik ezin izan duten urte berriko lehen erdiko egutegia osatu. Urrats motzak egin nahi dituzte, luzeak beti ez direlako efektiboenak. Mendian ez behintzat.
Xoxolur existitzea ez da kasualitatea. Lezon badago mendizaletasuna, aspaldikoa da. 2016-2017 ekin zioten egitasmoari, Allerruren sekzioen berrantolaketaren ondorioz; haien oinordekotza hartu zuten. Elkarlanean garatzen dituzte euren zereginak, Jaione Azpiroz taldekideak zehaztu duenez: kudeaketa gaiak, irteeren planifikazioa, jakinarazpenak…
Une gozoak
Irteeren ezaugarriei dagokienez, 12 bat kilometroko mendibueltak egiten dituzte, bost bat urteko haurrek ere erraz egin ditzaten 3-4 orduan. «Mendi ibilaldiak bukatu ondoren, ondoko herri bateko pilotalekura hurbiltzen gara, bazkaltzeko eta jolasean aritzeko. Han sortzen den nahasketa polita da, adin ezberdinetako lezoarrak elkarrekin aritzen direlako», nabarmendu du Azpirozek.