Lezoko Udala: "Gabonetako hainbat ekintza bandaliko salatu nahi ditugu"
Olentzeroren panpina teilatu baten gainera lekualdatu izana, eta Urtezahar gauean Saldisen egindako ospakizunak sorturiko kalteak salatu ditu udalak.
Gabon jaietan izandako hainbat “ekintza bandalikorekiko” kezka ageriko egin du Lezoko Udalak, abenduaren 28an eman zen lehena, eta Gabon zahar gauean bestea. Zuhurtzia galdegin du aginte organoak, “herrian eragindako kalteek lezoar guztiei eragiten baitiete”.
Joan den abenduaren 28ko goizaldean, “hainbat ezezagunek” Olentzeroren panpina herritik “paseoan” eraman zutela gaitzetsi dute udal arduradunek. Herriko taberna baten teilatuaren gainera lekualdatu zuten hura, eta geroago Udaltzaingoa arduratu zen ikurra jatorrizko lekura itzultzeaz, haien arabera, panpinak kalteren bat izan zuelarik.
Bigarren gertakaria urteko azken gauean jazo zen. Udalak adierazitakoaren arabera, dozenaka lagunek, “horietako asko beste herri batzuetatik etorriak”, Saldise plazan ospatu zuten Urtezahar gaua, maskararen erabilerari eta distantzia sozialari buruzko araudia bete gabe.
Osasun neurriak ez betetzetik kanpo, herriko plaza zaborrez eta beiraz “beteta” utzi zutela jakinarazi du udalak, eta inguruko bizilagunen kexak jaso zirela goizeko 10:00ak arte mantendu zen zaratagatik. Etxebizitza horien fatxada eta portaletan zikinkeria eta pixa arrastoak ere agertu izana arbuiatu dute.