Elkarretaratzera deitu du Pasaiako LGTB+ Mugimenduak
Ostadar koloreko zebrabideak zuritu izanak haserrea piztu du kolektiboko kideen artean. Ezinegona ageriko egingo dute larunbatean, 12:30ean, San Pedron.
Pasaiako Udalak berriki udalerriko hiru zebrabide koloredunak zuritu izanak hautsak harrotu ditu Pasaiako LGTB+ Mugimendua osatzen duten kideen eta haiei elkartasuna adierazi nahi izan dietenen artean. Haiek “eraso larritzat” hartu dutena arbuiatzeko larunbatean elkarretaratzea egingo dute, 12:30ean, San Pedroko zebrabidearen ondoan.
Hiru barrutietako kolektiboko eragileek bat egin dute deiarekin. Udal gobernuaren barkamena positiboki baloratu duten arren, arduradunak kolektiboarekin zuzenean harremanetan jarri beharrean argibideak hedabideen bitartez jaso izanagatik penatu dira. “Guri kolektibo bezala inork ez digu ezertxo ere esan”, adierazi du San Pedroko ordezkari batek.
Soluzioa bakarra eta garbia da beraientzat: ostadar zebrabideei kolorea bueltatzea. Pasabide horiek, “txikikeria iruditu litekeen arren”, garrantzi handiko sinboloa direla aitortu dute, urteak baitaramatzate horiek margotu eta, txikitasun horretan, kaleetan euren aldarriak bistako egiten. “Gure espazio txikia dira”.