Kopa menstrualak banatuko dituzte Lezon
Hilaren 20an arratsaldez eta 23an goizez banatuko dituzte hilerokorako kopak Gurutze Santuaren plazan. Lezoko Emakume Taldearen egitasmoa da.
Lezoko Emakume Taldearen ekimenez, eta udalaren Berdintasun Sailaren nahiz Gizarte Zerbitzuen, eta herriko osasun zentroaren laguntzarekin, hilekoarentzako kopak edo kopa menstrualak banatuko dituzte hilaren 20an (ostegunean) 17:00etatik 1900etara, eta hilaren 23an (igandea) 11:00etatik 13:00etara Gurutze Santuaren plazan. Eguraldi eskasa egingo balu, Karlos Saldise plazan egingo dute banaketa.
Egitasmoaren bultzatzaileek jakinarazi dute kopa menstrualaren erabilera indartu nahi dutela. “Ohiko tanpoiak eta konpresak baino osasungarriagoak dira, ekonomikoagoak epe luzera begira, eta ekologikoak”, esan dute. Izan ere, bai tanpoi zein konpresak erabilera bakarrekoak dira, eta berrerabili ez birziklatu ezin daitezkeen hondakinak sortzen dituzte. “Kopak silikonaz eginak daude, eta urte batzuk irauten dute”.
Alternatiba hori erabiliz emakumeak ahalduntzen direla esan dute egitasmoa landu dutenek: norbere gorputzaren eta bizitza zikloen ezagutza eta erabakiak hartzeko gaitasuna indartzen dituzte, besteak beste.
1930eko hamarkadan patentatu zuen Leona Chalmers Ameriketako Estatu Batuetako idazle, aktore eta asmatzaileak hilerokoaren kopa: “Alternatiba paregabea bilakatzen ari da emakumeen osasun menstrualerako”.