Lezok 208.000 euro jasoko ditu Espainiako Gobernuaren COVID funtsetik
Lezoko PSE-EEren buru Joxean Sanchezek laguntzarena "berri izugarri ona" dela esan du. Gizarte gaietan eta tokiko ekonomia indartzeko erabiliko dute dirua.
Lezoko Udalak 207.811,46 euro jasoko ditu Espainiako Gobernuak koronabirusaren eraginari aurre egiteko hitzartutakio funtsetik. Horri, Espainiako Estatuko tributuen partizipazioa erantsi behar zaio, beste 6.755,66 euro. Beraz, bi laguntzen artean, ia 215.000 euro iritsiko dira Lezora Espainiako Estatutik. Lehen kopurua aldundiak jasoko du lehenik, eta hark egingo du udalerrien arteko banaketa.
Joxean Sanchez Lezoko PSE-EEren eledunak jakinarazi duenez, kopuru horiek pandemiak eragindako kalteak arintzeko erabiliko dira, lehentasuna dutelarik osasun zerbitzuek, hezkuntzak eta gizarte zerbitzuek. “Berri izugarri ona da”, esan du Sanchezek.
Sozialistak nabarmendu du diru ekarpen horri esker gastu sozialerako bideratuko dela dirua, zehazki norbanako eta familia zaurgarrienei. Gainera, herriko dendetara nahiz enpresetara ere zabalduko dituzte laguntzak, “Lezoko bizilagunen bizi kalitatea hobetuko duten inbertsioak egiteko, eta ekonomia bizkortzeko”.
Sanchezek nabarmendu du udalak bereziki ari direla jasaten pandemiaren eragina. Horregatik, ziur agertu da horri irtenbidea emateko erakundeen arteko elkarlana beharrezkoa dela, “eta zentzu horretan tokiko administrazioa ezin da alboratuta utzi. Espainiako Gobernuari eskerrak eman dizkiot, hain beharrezkoak ditugun baliabide ekonomikoak eskaintzeagatik”.
COVIDaren eragina lausotzeko 25,1 milioi jasoko ditu aldundiak Espainiako Gobernutik. Oarsoaldeko herriei dagokienez, horietatik 207.811 Lezok jasoko ditu, 1.337.000 Errenteria-Oreretak, 543.335 Pasaiak, eta 348.600 Oiartzunek. Biztanleen araberako banaketa da egingo dena.