Ibon Taberna, txapeldunorde Gipuzkoako Banakako Trinkete Txapelketan
EPLEko Ibon Tabernak ezin izan zuen Eneko Maiz menpean hartu Lehen Mailako Gipuzkoako Banakako Trinkete Txapelketako finalean. Dena den, txapelketa oparoa izan da klubarentzat.
Ibon Taberna EPLEko pilotaria txapeldunorde izan da Lehen Mailako Gipuzkoako Banakako Trinkete Txapelketan. Larunbatean jokatutako partidan, Tabernak 40-19 galdu zuen Behar Izana klubeko Eneko Maiz pilotariaren aurka. Finala aurreko denboraldikoaren errepikapena izan da, eta Maizek erakutsi du aurkariak baino maila altuagoan dagoela une honetan.
Txapelketari dagokionez, emaitza bikainak lortu dituzte EPLEko pilotariek. Tabernaren bigarren postuaz gain, Julen Chiapuso final erdietara iritsi zen, eta Antton Aranburuk Lehen Mailan mantentzea lortu du. Bigarren Mailako Txapelketan ere emaitzak positiboak izan dira EPLErentzat, Xabier Azpiroz final erdietara iritsi baitzen.
Euskal Ligako Pala Motzean asteburu oparoa izan dute EPLEko pilotariek. Alde batetik, Estefano eta Ruben 40-22 gailendu ziren Fanderian Laudioko Club Herriko pilotarien aurka. Bestetik, Sopelan jokatutako partidan, Ezkerrok eta Abelek 22-40 irabazi zuten Kureneko bikotearen aurka.
Agustina Otaola frontoian jokatutako norgehiagokei dagokionez, Lehen Mailako Gomazko Banakako Txapelketan Batzokiko Julen Aranburu pilotaria 25-14 gailendu zen Loiolatarrako Salaberriaren aurka. Aranburuk garaipen garrantzitsua lortu zuen maila altuan ari den Salaberria menpean hartuta.