Apirilaren 10ean, Korrikaren zain Oiartzungo Gurutzen
22. Korrika apirilaren 10eko 03:09an sartuko da Oarsoaldean, Oiartzungo Gurutze auzora (Irundik dator). Herri guztietan jasoko dituzte lekukoak.
Aste honetan jakinarazi du AEK-k 22. Korrikaren ibilbide zehatza zein izango den. Oarsoaldera, zehazki, euskararen aldeko martxa erraldoia azken egunean etorriko da, apirilaren 10eko goizaldean. Egun horretan bertan bukatuko da 22. Korrika Donostian. Martxoaren 31n hasiko da Amurrion (Araba), eta Donostiak jasoko ditu azken metroak apirilaren 10ean bertan.
Oarsoaldeko AEK euskaltegietako irakasleek martxa eskualdera sartuko den tokian, Oiartzungo Gurutze auzoan, argazkia atera eta HITZAra igorri dute. Egun horretan, Oarsoaldea hara begira izango da Korrikari harrera egiteko zain.
Behin Oiartzunera iritsita, hiru ordu pasatxoko bidea egingo du aurtengo Korrikak Oarsoaldean. Honakoak dira apirilaren 10eko ordutegi zehatzak:
- 03:09an Oiartzungo Gurutzetik sartuko da Korrika Oarsoaldean. Oiartzun zeharkatu ondoren Errenteria-Oreretarantz egingo du.
- 03:44an, Errenteria-Oreretan sartuko da Korrika, herritik bira eman eta Lezorantz joateko.
- 04:03an sartuko da 22. Korrika Lezon. Herritik osteratxoa egin, eta Donibanerantz joango da.
- 04:32an helduko da Korrika Pasaiara, Donibanera. Meipi eta Donibane kalea zeharkatu ondoren, Santiago plazan ontzia hartuko du lekukoak San Pedro aldera joateko. Behin San Pedrora iritsita, barruti horretan, Trintxerpen eta Antxon (Buenavistatik iritsiko da) egingo diote harrera. Antxotik berriz ere Errenteria-Orereta aldera joango da.
- 05:34an zapalduko du AEKren iniziatibak bigarrenez Errenteria-Orereta. Handik Astigarraga aldera joango da (06:19). Buruntzaldea zeharkatu ondoren, 07:36an jasoko du Donostiak lehen lekukoa Añorgan. Hiriburu osotik bira eman ondoren, 12:29an iritsiko da lekukoa Bulebarrera, han bukaera ekitaldia egiteko.