Xabier Portugal poesia lehiaketaren sari emate ekitaldia, hilaren 28an
Iosune de Goñi burlatarra eta Alvaro A. Perdigon murtziarra izan dira euskara eta gaztelaniazko lanen irabazle, hurrenez hurren.
Pasaia hiria-Xabier Portugal poesia lehiaketak baditu aurtengo irabazleak. Iosune de Goñi Garcia (Burlata, Nafarroa) izan da euskarazko sariaren irabazlea, Gorputz baten aztarnak elurretan lanagatik; gaztelaniaz Alvaro A. Perdigon Delgadok (Murtzia, Espainia) eraman du saria, Tuve gatos obrarekin. Euskarazko bigarren saria Imanol Sorondo Baltasar donostiarrak eraman du.
Euskarazko hamabi lan aurkeztu dira guztira, eta gaztelaniazko 64. Nerea Beldarrain eta Irati Goikoetxea idazleak izan dira euskarazko poemen epaile, eta Elena Roman, Jesus Maria Corman eta Felix Marañak osatu dute gaztelaniazko epaimahaia.
Saritutako poema-bildumak bi liburutan argitaratuko dituzte, eta aurkezpen ekitaldia datorren asteko ostiralean, hilak 28, egingo dute, 19:00etan hasita, Trintxerpeko liburutegian.