[Elkarrizketa] "Inoiz egin ez direnak egitea gustuko dugu, erronkak"
Bederatzi urte beteko ditu aurten Skura Koop Elkarte Txikiak eredu komunitarioan eta software librean oinarrituta lanean hasi zenetik. Esku artean hainbat proiektu garrantzitsu dituzte, erronka asko.
Bederatzi urte beteko ditu Skura Mobile Koop Elkarte Txikiak. Egoitza nagusia Arrasaten duzue, baina Errenteria-Oreretako Torrekuan ere ari zarete lanean. Zein da zuen lana?
MAITENA URRETABIZKAIA: Eskuko telefonoetarako aplikazioak egiten ditugu, eta azken urteetan, batez ere, industriako komunikazioko edo konektibitateko aplikazioekin ari gara; hau da, egiten duguna ez da bakarrik sakelakoan erabiltzen diren aplikazioak, baizik eta mugikorra beste tresnekin komunikatzeko erabiltzen diren aplikazioak garatzen ditugu.
SILVIA PORTELA: Bluetooth, wifi edo GPSaren konektibitatearekin egiten dugu lan bereziki. Adibide gisa: lau ate sarraila egin ditugu; kutxa gotorrak zabaltzeko aplikazioa; bizikletatik erortzen bazara erorketaren berri emateko aplikazioa; segurtasunagatik pertsona batek manipulatu ezin duen makina handia urrunetik telefonoaren bidez kontrolatzeko aplikazioa; edo makina handiak bluetooth bidez erabiltzekoa sortu ditugu. Hori, proiektuei dagokionean. Baina Skura Koop batez ere definitzen duena da software askearekin lan egiten dugula, eta gainera ekonomia sozialaren bueltan egiten dugu. Horrek desberdindu egiten gaitu.
M.U: Aplikazioak egiteko modu asko daude, eta guk modu natiboaren aldeko apustua egin genuen hasieratik. Eraginkorragoa da aplikazioa modu natiboan egiten denean. Finean, dispositiboek duten hizkuntza originalean aplikazioa programatzea da, besteak generikoak dira. Android eta IOSen lengoaia natiboan programatzen dira aplikazioak, beraz, gailu horiek dituzten bitarteko guztiak erabiltzen dira eraginkorrago izateko.
Nondik sortu zen Skura Koop?
M.U: Mondragon Unibertsitatean gradu amaierarako Jaione Martinezek eta Maria Amutxastegik [urtebetez aritu zen bertan lanean] aurkeztutako lan bat egin, eta horrekin lehiaketa bat irabazi zuten. Horrek enpresa batean praktikak egin beharrean, enpresa propioa sortzeko aukera eman zien. Hor hasi zen Skura Koop-en bidea. Nabarmentzekoa da, ez delako batere ohikoa, bi emakumek sortutako enpresa teknologikoa dela. Skuran oso txertatuta dugu hori, oraintxe, lau emakume eta gizon bat ari gara kooperatiban; garrantzia ematen diogu, eta edozein agerraldi egin behar dela emakumea azaltzen da.
Teknologian, erreferentzia izango diren emakumeak egotea ezinbestekoa da, unibertsitatera joaten garenean edo Skurarekin lotutako bestelakoetan ere. Gu biokin batera Jaione Martinez, Arkaitz Anza eta Alba Ulloa ari dira Skuran une honetan.
Ekonomia soziala Skura Koop-en eta zuen egiteko moduaren bereizgarri dela aipatu duzu aurretik. Pandemia betean, Jan Gou aplikazioa sortu zenuten ostalariak laguntzeko. Nolakoa izan zen prozesua?
M. U: Pandemia heldu zenean, esku artean genuena utzi eta komunitateari nolabaiteko ekarpena egiteko beharra sumatu genuen. Ostalaritza, itxita egon ondoren, erronka izan zuen: bezeroei ezin zizkieten kartak paperean eman, eta bakoitza ahal zuen bezala hasi zen zabaltzen bere karta horiek, Instagram-en, Facebook-en… Batzuk, gainera, teknologiarekin ez dute erraztasunik. Teknologikotik karta horiek eskaintzeko aplikazioa sortu genuen.
S. P: Errenkoalde elkarteak eta udalak bultzatu egin zuten, eta aplikazioak Errenteria-Oreretan erabilera handia izan zuen babes horri esker. Skuraren filosofiarekin bat zetorren, erreminta sortu genuen eta erabilgarria izan bada, primeran.
Zein proiektu dituzue oraintxe esku artean?
M. U: Sarrailak egiten ari gara, edo biltegi batean errebisioak paperean egin beharrean tabletan nola egin lantzen ere bai, automatizazioan batez ere. Beste proiektu batzuk sartu berri zaizkigu duela gutxi. Adibidez, atez ateko sistema duten herrietarako, garbitzaileek hondakinak jasotzen dituztenean, haien zirkuituetan jasotzen dutena neurtzeko aplikazioa berritzen ari gara.
S. P: Euskarazko bozgorailu adimenduna egiten ari gara, bestalde, software askean oinarrituta eta Elhuyarrekin nahiz Talaios Koop-ekin elkarlanean. Hori da proiektu izarra. Erabiltzailearen datuen pribatutasunari garrantzia ematen diogu eta errespetatzen du hori, teknologia askean oinarrituta dago.
Noizko aurreikusten duzue bozgorailua amaituta izango duzuela?
S. P: Europako Batasunaren diru laguntza baten barruan ari gara diseinatzen. Joan den urtean zehar garatzen joan gara eta gailua bera edonork bere etxean muntatzeko aukera emango dugu. Egingo duguna da, finean, euskarazko gailu horren kodea garatu. Garrantzitsua da, bestalde, hor sortzen den lantaldetik nola eratortzen diren hizkeraren ezagutzaren inguruko aplikazio ezberdinak izan domotikan edo enpresetan, orain arte tablet bidez egindakoa ahots bidez garatzeko aukera emanez. Elhuyar eta Talaiosekin egin dugun lantalde horretatik ikusi dugu aplikazio ezberdinak izan ditzakeen hizkeraren ezagutzaren teknologia euskaraz garatzeko aukera izango dugula. TEKSen bidez egiten ari gara proiektua, Torrekuan bertan. Hurrengo urteetan esanahi handia izango duen proiektua izango da. Teknologian orain arte komunikatzeko gaztelera izan da hizkuntza, eta horregatik garrantzitsua da teknologian ere euskara sartzea.
M. U: Hizkuntzarekin batera, garrantzia duen beste faktore bat ere aintzat hartu beharra dago: aginduak beti emakumeei ematen zaizkio. GPSa izan, Alexa edo Google, emakume ahotsak erabiltzen dituzte; guk ahots neutro bat sortu dugu eredu horrekin apurtzeko.
Beste proiektu ikaragarri interesgarria dugu esku artean, bezero batek eskatutakoa da hori: begiekin tableta erabiltzeko proiektu batean ari gara. Aholkularitza moduan laguntza eskatu digu enpresa batek, ikerketa proiektua da. Gu sartu ginenean ez zegoen bat bera ere halakorik, eta erronka hori zegoen hasi ginenean. Halako proiektuak etortzen zaizkigunean erronka moduan hartzen ditugu. Gogoa dugu gauza berriak egiteko, eta horrek ere definitzen gaitu: beldurra baino, atrakzioa sentitzea; ekintzailetasuna bada hori. Itxura ona du proiektuak.
Zer izan da bederatzi urte hauetako zailena?
M. U: Egonkortzea. Hasieran soldatarik ez dago, proiektua gustuko duzu, jarraituko duzula erabakitzen duzu… Nik uste hainbeste gustatzen zaigun eta hainbesteko bokazioa dugun horretan jarraitu genuela eta fruituak eman zituela. Daukagun lantaldea ikusita, uste dut, oso erraza izaten ari dela, plazera da horrelako lantaldean aritzea, pribilegio bat.
Eta sortu edo garatzeko eskatu dizueten zailena?
M. U: Zailena, inora lehen aldiz heltzen diren erronkak direla jasotzen ditugunak. Esaterako, bluetooth bidez barbakoa pizteko proiektua eskatu ziguten kooperatibaren hastapenetan. Eskatzailea prototipo eta guzti etorri zitzaigun. Ez genekien nola, baina bilera hartatik hori egitea lortu behar genuela erabakita atera ginen. Eta egin genuen. Begiekin tableta maneiatzeko proiektuarekin sentsazio bera izan dut. Egin behar dugu.
S. P: Egia da zailtasun horretan definitzen garela. Oso ezberdinak diren edo inoiz egin ez direnak egitea gustuko dugu, erronkak. Zailena hori da, agian pentsatzea ezin duzula egin. Teknologia dugu, eta gaitasuna badugu.
Zein ekarpen egiten dio Skura Koop-ek Errenteria-Oreretari? Finean, Torrekuan zaudete.
S. P: Guretzat oso garrantzitsua da ekarpena egitea, baina ez dakit zehazki zein den herriari egiten dioguna kooperatibatik, herriak esan beharko du hori. Gu bere beharrei erantzuten saiatzen gara hemendik, Torrekuako gure bulegotik, eta adibidez Jan Gou aplikaziotik horretan saiatu ginen, herrian identifikatutako behar bati erantzuten, gainera ostalari guztientzat komuna zena.
M. U.: Behar komunei, irtenbide komunak eman behar zaizkiela maiz darabilgu ahotan Skuran. Alta, batek baino gehiagok behar berbera badu, goazen denak elkarrekin horri aurre egitera. Beti gaude horri begira.
S. P: TEKSen sorrera bide horretatik abiatu genuen. Teknologia erreminta oso indartsua da, baina jendearen mesedera jarri behar da. Horrekin gaude eta uste dugu hori dela gure ekarpena.
M. U: Pandemiaren testuinguruan proiektu bat heldu zitzaigun Emakumeen Etxetik. Testuinguru horretan, hainbat emakumek arrakala teknologiko handia zutela ohartu ziren. Ikastaroak egin genituen, eta tartean, bideo-deiak egiten edo posta elektronikoa erabiltzen erakutsi genien, berriz ere ikastaroak online izatera pasatzekotan erraztasunez jarraitzeko. Herriarentzat izan ginen neurri txikian bada ere erreferente, eta saiatzen gara ikusarazten hor gaudela herriarentzat ere.
Hori bi norabidetan egiten dugu; Skura osatzen dugunok herriko hainbat dinamiketan hartzen dugu parte, eta bestaldetik, Skurak enpresa gisa parte hartzen duen dinamiketan izan, TEKS edo izan beste batzuk, teknologia herritarrei hurbiltzen saiatzen da, ahalduntze aldetik, edo bestelako tresnen sorkuntzaren aldetik.
Nabarmendu beharreko beste arlo oso garrantzitsua da Skura dela emakumeek sortutako kooperatiba bat, horrek dituen zailtasun guztiekin. Aitortza hori bileretan jasotzea askotan zein nekeza den zu emakume gazte zarenean eta parean duzuna gizon, heldu eta teknologikoki ahaldundua denean. Asko kostatzen da zure iritzia aintzat hartzea.