Udalak Igantziko pinudien mozketa esleitu du pagadi berriak sortzeko
Igantziko pinudiak mozteko, udalak Berako Larretxea Egurrak SL enpresa kontratatu du. Helburua da baso helduak sortzea, eta martxoaren 31a bitarteko epean, 12,2 hektarea moztuko dira.
Udalak Añarbe herri-mendiko Igantziko pinudien mozketa esleitu du, ondoren pagadi berriak sortzeko. Lan horiek aurrera eramateko, udalak Berako Larretxea Egurrak SL enpresa kontratatu zuen abenduan.
Igantziko eremuko egur-ustiategi exotikoak -larizio pinua, haritz amerikarra eta alertze japoniarra- duela zenbait hamarkada landatu ziren merkaturako egurra ekoizteko. Aiako Harriko Parke Naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren izendapenaren ondoren, onuradun diren bost udalerriek debekatua dute egurra ekoizteko landaketa exotikoak garatzea, lursail horiek baso helduak sortzera bideratu behar baitira: hariztiak, pagadiak edo ameztiak. Prozesu natural horiek 200 edo 300 urte iraun dezakete, giza esku hartzerik eragiten ez bada.
12,2 hektarea moztuko dira martxoaren 31a arteko epean. Datorren neguan Igantziko pagadi berriaren baso birgaipen eta berreskurapen lanak hasiko dira, Natura 2000 Sarean dagoen naturagune horretako basafauna jasotzeko habitat berria prestatzeko: basakatua, ipurtatsa, orkatza, azkonarra, katajineta, muxar grisa, basurdea, aztorea, okil beltza edo kukulumera.