Elkarretaratzeak Altzateko salaketaren aurka
Uztaileko protesta batzuen harira, Altzate Bizirikeko kide batek salaketa jaso zuen eta atzo deklaratu zuen Donostiako auzitegian. Hari sostengua emateko, elkarretaratzeak egin ziren epaitegian bertan eta Foru plazan.
Altzate Bizirikeko kidearen aldeko elkarretaratzea Donostiako auzitegian. Uztailaren 16an Altzate Bizirik auzo ekimenak protesta egin zuen Oreretako Foru plazan lokala duen Urumea Berri etxe agentziaren aurrean. Plataformako kideek prentsaurrekoa bertan egin zuten Urumea Berrik Altzateko eremuan egin nahi duen “proiektu espekulatiboa salatzeko, pertsona orok behar lukeen etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko eta Altzateko eremuan parkea egin dezaten eskatzeko”.
Uztaileko protesta hartan, “etxe agentziako langile batek poliziari deitu zion”, eta hauek bertaratu zirenean, plataformako “bi kide identifikatu” zituztela zehaztu zuten Altzate Biziriketik. Identifikazio horietatik, plataformako kide bati salaketa iritsi zitzaion “langilea behartu zuela leporatuta”.
Altzate Bizirikeko kidea atzo joan zen Donostiako auzitegira deklaratzera, eta hari babesa emateko, elkarretaratzeak egin zituzten goizean epaitegiaren aurrean, eta arratsaldean Oreretako Foru plazan.
