Kakorratz murala sortu dute Trintxerpe eta San Pedroko hainbat emakumek
'Auzoa ehunduz' iniziatibak bi barrutietako adin desberdinetako emakumeak batu ditu euren arteko lotura afektiboak indartzeko helburuz. Emaitza, artelana.
Trintxerpe eta San Pedroko emakume talde batek bi hilabete daramatza lanean, Auzoa ehunduz izenpean, kakorratzez josi duten mural kolektibo bat sortzeko. Pasaiako Udaleko Berdintasun sailak abiaraziriko proiektuak adin desberdinetako emakume bizilagunen arteko lotura afektiboak indartzea izan du xede, eta artelan tankerako emaitza jendaurrean jarri nahi dute orain.
Emakume taldeak Adinkide GKEaren eta Lalocadelacasa profesionalaren gidaritzapean jardun du, emakumeei eta itsasoari buruzko kakorratz murala sortu arte. Ehuntzen hasi aurretik topaketa batzuk egin zituzten, eta bertan parte hartzaileek euren sentipenak, esperientziak, pasadizoak, auzoko emakume ezagunen istorioak eta eurenak partekatu zituzten. Bertatik, emakumeen indarrari eta itsasoari lotutako lanari buruzko kontakizun partekatu bat eraiki zuten.
Emaitza datorren asteko asteartean (otsailak 1) jarriko dute jendaurrean protagonistek, 19:00etan, Trintxerpeko Alkateordetzan. Mural kolektiboa bertan utziko dute ikusgai gerora ere.