Haserrea AHT Gelditu taldean, landutako mozioa defendatu ezinagatik
AHTaren kontrako mozioa garaiz erregistratzerik izan ez, eta urgentziaz landu zedin eskatu zuten: gobernu taldeak ezezkoarekin erantzun.
Oarsoaldeko AHT Gelditu taldeko kideek ezinegona eta haserrea adierazi dute, atzo Lezoko udalbatzarrean eurek landutako mozioa ez zutelako aztertu, eta gainera, mozioaren egileei ez zietelako utzi landutako agiria defendatzen. Udalbatzarrera sartu ez, baina udaletxearen atarian elkarretaratzea egin zuten batetik AHTaren kontrako mezua zabaltzeko, eta bestetik atzo gertatutakoa salatzeko. Mozioaren testuan azalduta dago Astigarraga-Lezo AHTaren merkantzien kontrako jarrera, hainbat arrazoi tarteko. Mozio hori aurrez onartu dute Oiartzungo eta Errenteriako udalek, baita Astigarragakoak ere.
Taldekideek onartu egin dute atzoko udalbatzarrerako ez zutela garaiz erregistratzetik izan mozioa, hainbat arazo tarteko. EH Bilduko zinegotziek, baina, mozioa bere egin eta urgentziaz azter zedin eskatu zieten plenokideei; gobernu taldeko kideek ezezkoa eman, eta gaien zerrendatik kanpo geratu zen agiriaren lanketa.
Orduan, Oarsoaldeko AHTaren Kontrako Taldekoek nahia azaldu zuten pleno aretora igo, eta hautetsiei euren argudioen berri emateko. Udaletxea itxita, giltzapetuta aurkitu zuten. Bertan zeuden udaltzainek esan zieten COVID-19aren kontrako neurriak medio ateak itxita egingo zela udalbatzarra.
Adierazpen askatasunaren eta iritzi librearen kontrako erasotzat dute Oarsoaldeko AHT Gelditu taldekoek atzo jazotakoa. “Eskubide urraketa izan da. Beste herrietan publikoak udalbatzarretara sartzeko aukera du, eta Lezon ez, argudiatuta COVID-19aren protokoloa bete behar dela. Ez da lehen aldia, gainera. Aurretik ere AHTaren kontrako beste mozio bat aurkeztu genuenean, ez ziguten aretora sartzen utzi [orduko hartan Gezala Auditoriumean izan zen plenoa] gure ideiak defendatzera. Zinegotziek bozka dezatela nahi dutena, baina behintzat utz gaitzatela askatasunez gure iritzia haiei ematen”, esan dute taldekideek.
AHTaren kontrakoek jakinarazi dute aurreko udalbatzar batean, pandemia garaian hura ere, herriko beste eragile bateko kideek aukera izan zutela haiek landutako mozioa defendatzeko. “Zergatik guri ez? Zergatik ez dute AHTaren gaia aztertu nahi gobernu taldeko kideek?”, azaldu dute.