Gamongoako antolamendu plana behin betiko onartu da
Gamongoaren behin betiko onarpenak Barandiaran parkean Pekin errekastoa leheneratzeko bidean aurrera egitea ahalbidetuko du.

Errenteriako Udalak behin betiko onartu du 56. sektoreko, hau da, Gamongoako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 6. aldaketa puntuala. Aldaketa horrek behin betiko aldatzen du 2007tik indarrean zegoen antolamendua. Aldaketa horiekin, 19,7 hektarea liberatuko dira eta horiek udal jabari publiko bihurtuko dira. Azalera eraikigarria %30ean eta eraiki daitezkeen etxebizitzen kopurua murrizteaz gain (102 etxebizitza gutxiago), etxebizitza publikoen ehunekoa %79,71ra igo da, guztira 440 etxebizitza direlarik. Etxebizitza eraikinetan 912 garaje plaza sortuko dira, eta lurzoru publikoan 347 aparkaleku berri egingo dira.
Horrez gain, Gamongoako behin betiko onarpenarekin, Pekin errekastoa berreskuratzeko prozesua aktibatu da, eta jarduketa hori, egikaritze proiektua idaztean hasiko da. Gamongoa kudeatzeaz arduratzen den organoak bere urteko kudeaketa planean sartu du proiektu horren prestaketa.
Pekin erreka Barandiaran parkearen antolamenduaren elementu nagusietako bat da. Udaletik zehaztu dute, hori berreskuratzea urrats garrantzitsua dela parkearen eraikuntzan aurrera egiteko eta herritarrek Pekin errekaren ibilguaz gozatu ahal izateko.