[Elkarrizketa] "Hankak lurrean izan behar ditugu, asko geratzen da oraindik"
Lidergoan iritsi da Touring denboraldiaren erdira. Gorritxoak olatuaren gainean dira, eta lau puntu ateratzen dizkiote hurrengo aurkaria den Elgoibarri. Igoeraren ilusioa bertan da, baina Argotek nahiago du poliki joan, dena oso berdindua baitago.
Ligaren erdia beteta, sailkapeneko lehen postuan zaudete. Espero zenuten hor egotea?
Beharbada ez genuen espero lehen postuan egotea. Azken bi denboraldiak ezberdinak izan dira, lehena moztu egin zen, eta bigarrena bi taldeetan banatua lehiatu zen. Aurtengo Liga normalagoa izango zela pentsatu genuen, eta taldea ahalik eta lehiakorrena izateko indartu genuen, eta lortu dugu. Gure asmoa partida guztiak lehiatzea zen, eta taldeak hori lortu du. Zorionez lehen postuan gaude, baina bigarren itzuli osoa geratzen da oraindik. Pozik gaude lortutakoarekin. Lortu dugu talde horretan sartzea, eta hor gaudela, borroka horretan mantentzea nahiko genuke.
Bigarren itzulia, gainera, primeran hasi zenuten larunbatean Fanderian Añorgari irabazita.
Sufritua izan zen, penaltiz irabazi genuen deskontuan. Emaitzak ikusita, sailkapeneko lehen zazpi taldeetatik guk bakarrik irabazi genuen, eta penaltiz azken minutuan. Partida guztiak oso lehiatuak dira, berdin du aurkaria zein postutan dagoen. Hemendik aurrera, talde batzuek goiko postuetan eta besteak behekoetan lehian ibiliko dira, eta nahiz eta Añorga behean dagoen taldea den, lan handia eman zigun. Norgehiagoka oso gogorra izan zen. Markagailuan aurretik jarri baginen ere, asko sufritu genuen, baina azkenean lortu genuen hiru puntuak etxean geratzea.
Nola ikusten duzu taldea?
Taldea oso indartsu ikusten dut. Bergaran merezita galdu genuen partida kentzen, beste guztiak oso ondo lehiatu ditugu aurkari guztien kontra. Ideiak oso garbi ditugu, eta talde lan on hori emaitzetan islatzen ari da. Gol gutxi jasotzen eta asko sartzen ari gara, eta horrek ematen digu partidak aurrera eramatea. Aldaketekin ere, taldeak oso ondo lehiatzen du. Jendea pozik dago, hor goian ikusteak indarra ematen du.
Lider zarete, baina lehia handia dago ohorezko postuetan. Momentu honetan, hiru talde zaudete lau puntuko tartean. Zer nolako lehia espero duzu?
Lehia gogorra espero dut. Sailkapeneko lehen zazpi taldeetatik guk bakarrik irabazi dugu azken jardunaldian, eta hor ikusten da dena oso berdindua dagoela. Bigarren itzulia orain hasi da, eta denboraldi erdia geratzen zaigu oraindik. Momentu honetan oso indartsu gaude, baina badakigu partidak galduko ditugula. Bost edo sei jardunaldi geratu arte borroka egongo da, eta hor ikusiko da nola dagoen egoera. Oraindik asko falta da, orain olatuaren gainean gaude, eta makalaldia iritsi ez dadin borrokatu behar dugu.
Lehian dagoen taldeetako bat Elgoibar da, zuen hurrengo arerioa. Partida garrantzitsu horietako bat da, ezta?
Partida garrantzitsua da, dudarik gabe. Itzuli oso bat egin dute norgehiagokarik galdu gabe, eta kasualitatez, bigarren itzuliko lehen partida galdu zuten asteburuan. Joaneko norgehiagokan berdindu egin genuen, eta oso talde ona iruditu zitzaigun. Lehian egongo den taldeetako bat da. Irabaziz gero zazpi puntuko errenta lortuko genuke, galduz gero batekoa, eta berdinketaren kasuan dagoen bezala mantenduko litzateke dena. Jendea oso motibatua dago, horrelako partidak jokatzeko gutxi behar da jendea motibatzeko, baina pasatzen dena pasatzen dela, argi izan behar dugu asko falta dela.
Liga erdia jokatuta eta lidergoan izanda, igotzea da helburua?
Helburu bezala ez nuke jarriko. Argi dago egoera honetara iritsi garen unetik borrokatu behar dugula, eta bertan egoten saiatu behar garela, baina nik orain ez nuke igoera helburu bezala jarriko. Azken bost partidetan hor bagaude, horren bila joango gara, baina orain helburu hori jartzen badugu, eta hemendik hilabetera joaten bazaigu, ez litzateke egokia izango. Nahiago dut poliki joan, hasieratik esan dut. Jardunaldi gutxi geratzen direnean hor bagaude, argi dago igoera izango dela helburua. Gainera, Orereta bezalako herri batentzat handia izango litzateke igoera lortzea. Hurrengo urtean ere ehun urte egingo ditu klubak. Baina polita izango balitz ere, hankak lurrean izan behar ditugu, asko geratzen da oraindik.
Mezuren bat bidaliko zenieke zaleei?
Zelaia betetzen ari da, eta hori polita da. Larunbatetan ikusten dugu harmaila betetzen dela, eta zaleei animatzeko eskatuko nieke. Harmailako presio eta laguntza ondo etortzen da beti. Etxean oso indartsu gaude, berdindu ditugun bi partida kentzen denak irabazi ditugu. Momentuz ez dugu galdu. Hor goian mantentzeko garrantzitsuak izango dira zaleak. Kaletik nabari da dagoen ilusioa, eta denen artean lortu daitekeen gauza bat da igoera. Gure partetik daukagun guztia jartzen ahaleginduko gara.