[Erreportajea] Sortutakoa denekin partekatzeko garaia
Lore More antzerki konpainiak gaur estreinatuko du ‘Trapu zikinak’ antzezlana. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak-en abaroan ondu dute pieza.

Euskarazko sorkuntza sustatzeko asmoz, pasa den udaberrian Geuretik Sortuak egitasmoa aurkeztu zuten Udalbiltzak eta Euskal Herriko 36 udalek, tartean, Oiartzungoak. Orain iritsi da egindakoaren uzta jasotzeko momentua: gaur arratsean, Lore More konpainiak Trapu zikinak antzezlana aurkeztuko du udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan hasita.
Oiartzungo Udala udalerrien Udalbiltza sareko kide da, eta Eneritz Arbelaitz alkateordea da bertan ordezkari. Egitasmoa nondik datorren azaldu du: «Udalbiltzak hainbat lan lerro ditu, naziogintza eta herrigintza ezaugarri komun dituztenak. Pandemia iritsi aurretik, bazegoen kulturaren arloan zerbait egiteko asmoa, Euskal Herri osoa kontuan hartuta». COVID-19ak agerian utzi zuen —«are gehiago», Arbelaitzen esanetan— kulturaren beharra.
Udalbiltzak udalei aurkeztu zien egitasmoa, eta Oiartzungoak erabaki zuen harekin bat egitea. «Ekarpen ekonomikoa egin dugu, baina ez da ekarpen ekonomiko hutsa: Oiartzunen dugun kultura estrategiarekin bat egiten du», azaldu du Arbelaitzek.
Gogorarazi du Oiartzunen badaudela euskal kultura sustatzeko lan lerroak, baita ondarea zein transmisioa bermatzekoak, eta herriko kultura aktiboa sustatzekoak. «Geuretik Sortuak-ek horiek guztiak betetzen zituen: ez genuen zalantzarik egin, eta baietz esan genuen».

Maiatzean aurkeztu zuten Geuretik Sortuak, Udalbiltzako ordezkari eta sortzaileen presentziarekin.
Geuretik Sortuak-en tamainako sortzaileen mezenasgo proiektu gutxi egin dira Euskal Herrian. «Lehenengo aldia zen horrelako zerbait egiten zena. Ziurgabetasun bat bazegoen, ea jendea aurkeztuko zen. Gure ustez, sortzaileentzako baldintza duinak ematen zituen proiektuak. Eta artista askok aurkeztu zuten beraien proiektua».
Trapu zikinak, etxean?
Hiru arte diziplinatako sortzaileei ireki zitzaien proiektuak aurkezteko aukera: literaturgintza, ikus-entzunezkoak eta antzerkigintza. Azken alor hori jorratzen dute Lore Morekoek.
Trapu zikinak etxean garbitzen dira esaldia izan zen haien abiapuntua, nolabait hankaz gora jartzeko. Horrela zehaztu du Maialen Diaz Urriza taldeko kideak: «Garbilekuak proba fisikoak dira erakusteko hori ez dela beti horrela izan. Saiatu gara imajinatzen nolakoa izango zen norberaren gauza intimoak espazio publiko batean garbitzea. Ideia horretatik tiraka, intimitatea, tabua dena edo partekatu ohi ez den hori partekatzeko toki zela ikusi genuen».
Egonaldiak egiteko aukerez gain, plazak bermatu ditu egitasmoak
Iragana imajinatu nahi izan dute, «ikuspuntu feminista batetik»: garbitokia bezalako gunean ematen ziren emakumeen arteko harremanak pentsatu eta antzezlanera eraman dituzte.
Oiartzunen Geuretik Sortuak egonaldia egin zuten Lore Morekoek, aurreko udan. Beheko Plazako labaderoarena landutako gaia zela ikusi zuten. Izan ere, aste batzuk lehenago, Alaia Gaztelumendi Alaiart-ek, Onintza Etxebestek eta Idoia Beratarbidek, herriko emakumeekin batera, garbilekua biziberritu zuten.
«Alaiartek jasotako informazioa partekatu zuen gurekin, eta garbilekuak sozializatzeko tokiak zirela esan zigun», azaldu du Diazek. Alaia Martin bertsolariaren eta beste hainbat emakumeren laguntza ere jaso dute.
«Baliagarritzat» jo du, eta horrekin zein euren kabuz ikertu dutenarekin, antzezlan «interesgarria» sortu dutela uste du. Soinu banda propioa ere badu, Oiartzunen oinarritutakoa: Agustin Mendizabalek Hau leku aittorra! bilduman jasotako hainbat abesti sartu dituzte antzezlanean. «Abesti horiek altxorra iruditu zitzaizkigun».
Gainera, Metrokoadrokarekin harremana estutu dute. «Metrokoadrokakoak anfitrioi ezin hobeak izan dira. Beso zabalik hartu gaituzte, eskuzabalak izan dira, eta antzezlanaren parte izan dira, kanpo-begirada eskainiz. Oso topaketa polita izan da, asko eskertzekoa», esan du Lore Moreko kideak.
Zirkuitua sortu
Guztira 26 izan dira Udalbiltzak lagundu dituen proiektuak. Horietatik gehienak —hamasei—literaturakoak izan dira, eta bosna zinemagintzakoak eta antzerkigintzakoak. Sortzaileek egonaldiak egin dituzte egitasmoarekin bat egin duten udalerrietan.
Oiartzunen kasuan, Lore Morekoek abuztu bukaera eta iraila hasiera artean Karrikako Iturburu etxean ostatu hartu zuten, eta Karaez 4ko udal lokala izan zen beraien jarduna aurrera eramateko egoitza. Lanak bukatuta, Geuretik Sortuak-en parte hartu duten udalerri guztietan erakutsiko dute lana.
Zirkuitu bat sortuko da modu horretan. Arbelaitzek azaldu du: «Sortzaileek askotan plazen hutsunea sentitzen dute. Sortzen dute, baina gero non aurkeztu ez dute. Honekin bermatuta zuten sortutako hori publikoarekin partekatuko zutela, eta gutxienez beraien lana erakutsiko zutela proiektuan sartuta dauden herrietan».
Egitasmoaren beste berezitasun bat nabarmendu du Arbelaitzek: Geuretik Sortuak-ek ahalbidetuko duela euskarazko sorkuntzak iristeko zailtasunak dituen herrietara hizkuntza heltzea. Adibidez, Nafarroako Erriberara edo Ipar Euskal Herriko hainbat txokotara.

‘Trapu zikinak’ antzezlanak garbilekuak ditu ardatz.
Hala ere, ildo estrategiko komun baten barruan sartu du Arbelaitzek: «Oiartzunen euskarazko antzezlanak ikus ditzakegu urtero, baina Nafarroako hegoaldera euskarazko lan bat eraman ahal izatea ere bada ikaragarria Oiartzungo Udalarentzat. Euskara sustatzeko tresna egokia da Udalbiltza».
Diazek, sortzailearen ikuspuntutik, Geuretik Sortuak-en balorazio positiboa egin du. «Langile garen heinean, beharrezko tokian jartzen gaituzte. Eskaintzen digu sortzeko denbora, eta antzezlanei ematen die beharrezko duten jarraipenerako zirkuitua», esan du.
Beraientzako erronka «polita» da sortutako antzezlana Euskal Herriko plazetara eraman ahal izatea: «Asko pozten nau Euskal Herrian zehar bidaiatu ahal izateak, gure-gurea den garbilekuen kontakizun hau zabaltzea, eta euskaraz».
Programazioa, osatuago
Antzerki egitarau polita osatzen du Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak, ikasturtero. Geuretik Sortuak hori «osatzera» heldu dela berretsi du Arbelaitzek. Izan ere, antzerkizaletasuna «oso errotuta» dagoen herria da Oiartzun.
Horren isla da Geuretik Sortuak-en babespean sortu diren bost antzerki proiektuetatik hirutan oiartzuarrak daudela: Metrokoadroka Oiartzunen kokatuta dagoen taldea; Ttitika Rekalt Bonbon Beltz konpainian, eta Eneko Gil, Oier Zuñigaren Eresia-n parte hartu duena. Horiek guztiak Oiartzunen ikus ahal izango dira datozen hilabetetan —kontsultatu egitaraua—, baita gainontzeko diziplinetako sortzaileek egindako lanak ere.
Eskaintza oparoarekin hasteko, baina, trapu zikinak garbitu beharko dira. Arrakasta bermatuta dago: airean joan dira sarrerak. Diazek aitortu du «gogotsu» daudela gaurko saiorako: «Antzerkian beti falta da denbora denerako, baina oso pozik gaude egin dugunarekin, harro. Lan txukuna egiteko saiakera handia egin dugu. Jo ta fuego aritu gara lanean ahalik eta lanik ederrenarekin iristeko, eta publikoa pozik uzteko».
Geuretik Sortuak: Oiartzungo egitaraua
- Martxoak 15. Hamazazpigarrenean aidanez liburuaren aurkezpena,
Iñaki Martiarena Mattin-en eskutik. - Apirilak 24. Metrokoadrokaren Bidaide. 19:00etan, udaletxeko pleno aretoan.
- Maiatzak 15. Oier Zuñigaren Eresia. 19:00etan, udaletxeko pleno aretoan.
- Ekainak 19. Ttanttakaren Mutil aulkiduna. 19:00etan, udaletxean.
- Irailak 18. Bonbon Beltzen Herriminak, 19:00etan, udaletxeko pleno aretoan.
- Data zehazteke. Bost film laburren emanaldia.