"Pandemiak eragindako premiei aurre egiteko gaitasuna" erakutsi dutela defendatu du Joseba Egibarrek Errenterian
"Babes sozialeko sistema honek jasan dituen eta jasaten ari den kritika guztiez gain, pandemiak eragindako premiei aurre egiteko eta horiei erantzuteko gaitasuna erakutsi" duela esan zuen atzo herrian egindako ekitaldian, besteak beste.

Errenteria-Oreretan izan zen atzo EAJko Gipuzko Buru Batzarreko lehendakari Joseba Egibar, aurten hainbat udalerriko eragileekin eta herritarrekin egiten ari diren zikloaren barruan.
Lehenik eta behin, “Euskadin daukagun babes sozialeko sistema balioetsi” zuen Egibarrek, “sistema honek jasan dituen eta jasaten ari den kritika guztiez gain, pandemiak eragindako premiei aurre egiteko eta horiei erantzuteko gaitasuna erakutsi” baitu haren ustez. Zentzu horretan erantsi zuen euskal erakundeek “hamarkadak” daramatzatela gizarte babeseko sistemaren alde eta desberdintasunaren aurkako borrokan. “Krisi honek uzten digun egoera konplexuarekin, gure babes sistemaren defentsan, lankidetza eta kolaborazioa ezinbestekoak direla erakutsi dugu”, erantsi zuen atzoko bisitan.
Politika ere aldarrikatu zuen atzokoan, “erakunde publikoetatik eta erakunde politikoetatik harago doan politika”. Gizarteari dagokion zerbait dela gaineratu zuen, eta “denon artean zein gizarte mota nahi dugun hausnartu” behar dela. EAJ sortu zenetik “Euskadiren ezaugarri zian diren balio komunitarioak” bultzatu dituztela erantsi zuen, “gure gizartean gero eta gehiago finkatzen ari den indibidualismoaren aurrean”.
Honen ostean, autogobernua indartzeko eta garatzeko beharraz aritu zen, “bereziki Estatuko alderdi batzuek tick zentralistak erakusten dituzten une politiko honetan”. Autogobernu hori eguneratzeko legebiltzarrean adostutako oinarriak defendatu zituen Egibarrek atzo, “estatus berri bat eraikitzeko, nazio baten, euskal nazioaren, borondate demokratikoaren adierazpen juridikoa izango dena”. Guzti hori “Euskadiren eta Estatuaren arteko aldebiko harreman esparru baten bidez” egin behar dela gaineratu zuen, “elkarrekiko aitortzaren, leialtasunaren eta erakundeekiko errespetuaren printzipioetan oinarrituta”. Erabakitzeko eskubidea ere defendatu zuen GBBko lehendakariak, “Euskal Herriaren Eskubide Historikoak erabat gauzatzeko, askatasunez eta demokratikoki adierazia, Estatuarekin hitzartutako ariketa baten bidez”.
Azkenik, “Gipuzkoan erregistratutako datu onei” errepasoa egin zien Egibarrek, “proiektu sendo bati esker, datu horiek susperraldi ekonomikoaren bidean finkatzen” direla esan zuen. “Proiektu hori herritarren eta erakundeek arteko lankidetzan oinarritzen da, eredu parte hartzaileagoak eta kooperatiboagoak medio”.