Gure Eskuk Oarsoaldeko herritarrek argitu beharreko mendien berri eman du
Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak Pirinioetako Bidea antolatu du, Kataluniako eragileekin batera. 300 gailur argituko dituzte.
Gure Eskuk Pirinioetako Bidea izango denaren aperitiboa egin zuen pasa den uztailean, Aiako Harrian. Aurtengo uztailaren 2an izango da erronka: mendilerroko 300 gailur argituko dituzte.
Burujabetza nahia nazioartean zabaltzeko modu bezala hartu dute Pirinioetako Bidea. Euskal Herriko taldearekin batera, Kataluniako hainbat kolektibok hartuko dute parte mobilizazio erraldoi horretan.
Larunbatean, Bilbon egindako agerraldi batean, azaldu zuten mobilizazioaren helburua: “Herri gogoa berpiztea, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko”.
Euskal herritarrak 115 gailurretara igo beharko dira. Gure Eskuk antolatuta ditu herrika, eta Oarsoaldeko herritarrak ez dira oso urrutira mugituko. Horrela antolatu dituzte gailurrak:
- Errenteria-Orereta: Zaria.
- Lezo: Jaizkibel.
- Oiartzun: Bianditz eta Errenga.
- Pasaia: Jaizkibel.
Gailur horiek edonork egiteko modukoak dira. Aiako Harrira ere igoko dira, baina hori mendizale trebatuei zuzenduta dago.
Izen emate epea martxoan zabalduko dute, iniziatibarako propio martxan jarriko duten webgunean. Hamar euro ordaindu beharko da: bost euro antolakuntza gastuei aurre egiteko eta beste bost istripu zein erreskateetarako asegurua estaltzeko. Federatuta dauden mendizaleek soilik antolaketa gastuetarako bost euroak ordaindu beharko dituzte.
Euskal herritarren eta kataluniarren arteko “urte luzeko elkarlanaren abiapuntu” gisa definitu dute uztaileko lehen larunbateko mobilizazioa.