Oiartzun ibaian 448 kilo hondakin jaso dituzte, Ugaldetxon

Udalak ibaiertzaren ia kilometro bat garbitu du, Ugaldetxo inguruan. Itsasora iristen diren hondakinen %80ren jatorria ibai eta erreketan dago.

oiartzun ibaia garbiketa Oiartzun ibaian bildutako zaborra.

Oiartzun ibaian 448 kilo hondakin jaso dituztela jakinarazi du udalak. Ugaldetxo inguruan egin dituzte garbiketa lanak: Atamitxen hasi dira, Kalexa plazaren atzealdean jarraitu dute, bidegorrian behera. Bi ertzak garbitu dituzte, ia kilometro bateko luzeran.

Era guztietako hondakinak jaso dituzte garbiketan: pneumatikoak, erosketa orga, egur paleak, musukoak, latak, rafiazko poltsak… 448 kiloak Talaiako garbigunera eraman dituzte, han tratatu eta kudeatzeko.

Hala ere, ez da garbitu duten puntu bakarra izan. Ugaldetxon bertan —Astigarraga bidean, Añarreko sarreran— eta Gurutzen —Lanbarrenen, Alkotz errekaren inguruan— erreken egoera gainbegiratu eta hondakinak jaso dituzte.

Udalak gogorarazi duenez, itsasora heltzen den hondakinen %80 ibai, erreka eta lurreko natur guneetatik iristen da. Horregatik, tarteka, erreka bazterrak garbitzen ditu udalak. 2022 urtean Urzainen bitartez egingo dute.

Mezu bat helarazi diete herritarrei. “Herritarron ardura da gure ingurua txukun mantentzea eta errekak zabortegi ez bihurtzea. Errekak garbi mantentzea, guztion osasunarentzako onuragarria da.”

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.