Etxean istripua izan duen pertsona bat leihotik atera behar izan dute
Ezbehar arina izan du errenteriar batek etxean. Baina hura eskaileretatik jaisteko izan diren arazoen ondorioz, suhiltzaileen laguntza behar izan da.
Errenteria-Oreretako Herriko Plazako etxebizitza bateko leihotik pertsona bat atera behar izan dute suhiltzaileek, gaurko (asteartea) 13:30ak aldera. HITZAk jakin duenez, etxean ezbehar arina izan du errenteriar horrek, baina osasun zerbitzuek hirugarren solairutik plazan zegoen anbulantziaraino jaisteko aukerarik izan ez, eta suhiltzaileei dei egin diete, laguntzeko.
Gertakariaren berri izan eta berehala agertu dira udaletxe parera suhiltzaileen bi kamioi. Horietako batek garabia zuen. Hala, garabiarekin hirugarren solairuko etxebizitzako leiho bateraino esku-ohea iristarazi, istripua izan duen herritarra bertan etzan, eta berriz ere plazara jaitsi dute. Han zituen osasun larrialdietako langileak zain. Arazorik gabe eraman dute erietxera istripua izan duen pertsona.
Herritarren ikusmina eragin du gertakariak, errenteriar asko izan dira prozesuaren urrats guztiak jarraitzen.