Peio Goikoetxea, Omango Tourreko podiumean
Eguneko ihesaldian sartu da oreretartutako ermuarra, eta hiru mendateetan pilatutako puntuei esker, mendiko sailkapenaren liderra da.
Gaur hasi da Omango Tourra, Al Rustaq gotorlekua eta Omango erakustazoka nazionala lotzen zituen 138 kilometroko etapa lauarekin.
Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulari bat izan da protagonistetako bat: Peio Goikoetxea Goiogana, Errenteria-Oreretan bizi den ermuarra.
Eguneko ihesaldian sartu da, Mohammed al Wahibi omandarra eta Jan Dunnewind herbeheretarrarekin batera. Koxka bakarra izan du gaurko etaparen profilak, eta aldapa agertu denean, Goikoetxea izan da indartsuena.
Mendatetxo horretan jasotako puntuei esker, mendiko sailkapeneko liderraren maillot urrekara janztera igo da podiumera.
Etapa bukatzeko 10 kilometro falta zirela harrapatu dute Goikoetxea —bera izan da ihesaldiko azken mohikanoa—, eta tropelean eustea lortu du. Modu horretan, Fernando Gaviria irabazlearen denbora berbera markatu du. Ihesaldian pilatutako denbora-sariei esker, sailkapen nagusiko hirugarren postuan dago.
Biharkoa bigarren etapa izango da, erabat laua. Goikoetxeak, beraz, beste egun batez bermatuko du maillot urrekara.