[Bideoa] AHTaren kontrako martxa, Aldaketaldiaren barruan
Lezotik abiatuta Oiartzunera egin zuten martxa, handik atzera Errenteria-Oreretara joateko. Bizikleta mugikortasuna ere izan dute aldarri.
Aldaketaldia 2022ren egitarauaren barruan, bizikleta martxa egin zuten atzo (igandea) Lezon hasi, Oiartzuneraino joan eta Errenteria-Oreretan bukatzeko. Bi helbururekin egin zuten bidea parte hartzaileek: Oarsoaldeko AHTaren trazatuari kontrakotasuna adierazteko, eta aldi berean Oarsoaldeko nahiz Bidasoko bizikleta mugikortasunaren alde.
Besteak beste, AHTaren trazatu berriak Oiartzunen, Lezon eta Errenteria-Oreretan izango duen eraginaren gaineko azalpenak eman zizkieten parte hartzaileei, hainbat geldialdi eginda.
AHTrik Ez, Eguzki, Ekologistak Martxan eta GOT taldeek babestu dituzte Aldaketaldiaren barruko ekintzak. Euskal Herriko beste hainbat eskualdetan ere egin dituzte iniziatibaren barruko jarduerak.
Ondoko bideoan, martxan izan zirenak Oiartzungo plazara iristen ikus daitezke.