Antxoko bilerako konpromisoak legez bermatzeko eskatuko du EH Bilduk
Koalizioak Legebiltzarrean eskatuko du zubibide zaharraren berehalako eraistea eta Luzuriagarako inbertsioak formalki sina daitezen.
EH Bilduko ordezkariek bihar Legebiltzarrean eskatuko dute Antxoko topo geltoki berriaren lanekin etorriko direla promesturiko bi konpromiso legez berma daitezela. Zehazki, topoaren zubibide zaharraren “berehalako” eraistea eta Luzuriaga eraikinerako inbertsioa hitzarmen bidez sinatzeko galdegingo du koalizioak.
Bilkideek topoko merkantzien garraiorako alternatiba bat bilatzeko eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari eta lurpeko trazatua “martxan jarri bezain laster” egungo zubibidea eraisteko konpromisoa formalki har dezan. Horrekin, obraren faseak zehazteko ere galdegingo dute, biaduktua “noiz eta nola” botako den zehaztuz.
Legebiltzarrean egingo duten bigarren eskakizuna Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) dago lotuta: Erakunde publikoak eta Pasaiako alkateak urrian Biterin eraikin berri bat eraikitzeko sinatu zuten hitzarmena aldatzea nahi dute.
Moldaketa horrek beste hitzarmen bat ekarri beharko lukeela uste dute, hain zuzen ere, ETSk Azoka eraisteagatik egin behar duen ekarpena (hiru milioi eurotik gorakoa) Luzuriaga eraikinerako bideratzea. Diru kopuru hori koalizioak Madrilen adosturiko sei milioiei batuko litzaieke.