Kalebuelta eta kontzertuek herriko kaleak girotuko dituzte
Herri Arte Eskolako kideek kalebueltak eta kontzertuak antolatu dituzte otsailean eta martxoan kale presentzia handitu, herria girotu eta ikasleei ikasketa testuinguru bat eskaintzeko.
Musika herrikoi eta tradizionaletan oinarritutako kalebueltak eta kontzertuak antolatu dituzte Herri Arte Eskolako kideek. Egitasmoaren helburua da ikasturtea amaitu bitartean kale presentzia handitu, herria girotu eta ikasleei gozatzeko ikasketa testuinguru bat eskaintzea. Ikasturte honetako alboka eta dultzaina eskaintza berriek aukera horretarako egokiera indartu dute. Hori dela eta, txistularien dianez gain, trikitixa, txistua, txalaparta, alboka eta dultzaina taldeen eskutik herriko auzo eta kaleak alaituko dira. Kontzertuetarako ere, beste instrumentu eta arte adierazpideetako ikasle gonbidatuek hartuko dute parte.
Egitasmo horrez gain, herriko beste eragileek antolaturiko ospakizunetan ere soinu aberastasuna handitu nahi da (Euskararen Eguna, Olentzero, Kabalgata, Mutxikoak, Kantujira…), eta bertso eskola, herriko dantza talde eta elkarte ehunarekin ere ekintzak sustatu nahi dira.
Otsailean albokariak aterako dira lehenik, eta azken egunetan udal txistulari eta euskal dantzako ikasleen eskutik inauteri kutsua izango du. Martxoaren 6an, Alboka Kontzertua eskainiko da Olaskoaga plazan txalaparta eta dantza urbano eta garaikideko ikasleen laguntzaz. Martxoan zehar ere beste hainbat emanaldi antolatu dira. Martxoaren 20an trikitixa kalebuelta egingo da, 25ean Trikitixa Kontzertua, eta 27an txistu ikasleen txanda izango da.