Peio Goikoetxea, basamortuko borrokalariena
Euskaltel-Euskadiko txirrindulariari ez diote Omango Tourreko maillot urrekara kendu azkeneko etapan. Oroitzapen ona ekarriko du Arabiar penintsulatik.
Lehiakorrenaren maillot urrekara lortu du Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak. Gaur bukatu da Omango Tourra, UCI Pro Serieseko lehiaketa. Al Mouj Maskat eta Matrah erlaitzaren arteko etapa izan da, 132 kilometrokoa.
Etaparen profila laua izanik, aurreikusita zegoen esprintarekin bukatzea, eta hala izan da. UAEko Fernando Gaviria kolonbiarra izan da onena, eta, horrekin batera, puntuen sailkapena poltsikoratu du. Intermarche-Wantyko Jan Hirtek, berriz, eraman du sailkapen nagusia.

Anthon Charmig (gazte onena), Peio Goikoetxea (lehiakorrena), Jan Hirt (sailkapen orokorreko irabazlea) eta Fernando Gaviria (puntuak).
Hala ere, beste maillotak nork eramango zituen zegoen jokoan. Peio Goikoetxea Errenteria-Oreretan bizi den Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak lehiakorrenaren maillot urrekara jantzi du lehenengo etapatik. Gaur ezin izan du ihesaldia hartu, bai, ordea, Antonio Angulo taldekideak.
Etapan zehar bederatzi puntu pilatu ditu kantabriarrak, baina ez dira nahikoa izan Goikoetxea taldekidearen maillota janzteko. Ermuan jaiotako txirrindulariaren jarraitzaileek lasaitu ederra hartu dute etapa bukatzerakoan.
Goikoetxea, beraz, azkeneko podiumera igo da. Oroitzapen onak eta gorputzeko beroaldia ez ezik, maillota ere ekarriko du basamortutik, borrokalariarena izateagatik.
