‘Marimutil baten bluesa’ liburua, hizpide
Oiartzungo Irakurketa Taldeak hileroko hitzordua egingo du datorren asteartean. Leslie Feinbergen liburuari buruz arituko dira.
Irakurketa Taldea datorren asteartean, hilak 22, elkartuko da Manuel Lekuona bibliotekan, 20:00etan. Leslie Feinbergen Marimutil baten bluesa izango dute hizpide otsaileko saioan, Fermin Zabaltzak itzulitakoa. 1970eko hamarkadako AEBetan bizitako mari-mutil lesbiana baten bizia kontatzen du.
Datorren hilabeterako etxeko lana badute: Hanif Kureishiren Intimitatea. Harkaitz Canok itzuli du euskarara. Honakoa da sinopsia:
Zergatik uzten diogu maitatzeari? Zein da maleta prestatu, atetik atera eta sekula ez itzultzeko unea? Liburu honetako protagonista trantze horretan dago. Bikotea eta bi semeak utzi eta etxetik alde egin aurreko gauean bere bizitza ustez arrakastatsuak sortzen dion asegabetasunaren arrazoiak aletzen joango da. Gogoan aurrera eta atzera ibiliko ditu era ezin gordinagoan harreman barruko miseria txikiak, amore emateak, ohiturak, desilusioak… bikotearen intimitate biluzia.