PSE-EEk bi mozio aurkeztu ditu udalean
Lehenak, kolektibo zaurgarriek pairatzen duten arrakala digitala ebaztearekin du zerikusia. Bigarrenak, ordea, emakumezkoen haurdunaldiarekin.
Joxean Sanchez udal taldeko bozeramailea. Lezoko udaletxeko Udalbatzaren datorren osoko bilkuran, PSE-EEren udal taldeak erregistratutako bi mozio eztabaidatuko dira. Joxean Sanchez bozeramaileak adierazi duenez, mozioetako bat teknologia berrikuntzak direla-eta zenbait kolektibok bizi dituzten zailtasunak konpontzeko aurkeztu dute. Izan ere, adinekoek baita mugikortasun zailtasunak dituztenek ere ohiko izapide administratiboak egiteko traba nabariak dituztela adierazi dute; mediku kontsultak eskatu edo bankuko kudeaketak egiteko, adibidez. Hori dela eta, udalari arreta presentzialari garrantzia emateko eskatuko diote, herritarrak gaitasun digitalean trebatzeko beharrarekin batera.
Bestetik, aurkeztuko duten bigarren mozioak haurdunaldia borondatez eteteko kliniketara joaten diren emakumeek jasaten dituzten ohiko jazarpen, larderia edota askatasun-urraketak gaitzestea du helburu. Bada, udal taldeak eraso horiek zigortzearen alde agertu da. Sexu-hezkuntzaren inguruko programak abiatzea lehentasunezkoa dela esan dute ere.
