Hil direnak gogorarazteko ekitaldirako ideia bila ari dira
Iaz landatu zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek emandako intxaurrondoa, Ibargain parkean. Aurtengo ekitaldia martxoaren 19an izango da.
2021eko urtarrilean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek intxaurrondo bat utzi zuten oiartzuarren eskuetan. Helburua zen hildakoak gogoraraztea, eta intxaurrondo horrek sinbolizatzea haien memoria. Abaraxka ludotekak hartu zuen pailazoen enkargua bere gain.
Iazko martxoaren 27an landatu zuten zuhaixka hura, Ibargain parkean. Ez zen landatze ekitaldi soila izan, eta ipuinekin zein musikarekin girotu zuten.
Aurten oroimen saio hari segida emango diote. Bigarren ekitaldirako data jarrita dute: martxoaren 19a. Ibargain parkean bilduko dira hil zirenak gogorarazteko.
Ekitaldirako proposamenak biltzen ari dira. Horregatik, oiartzuarrei galdetegi hau betetzeko eskatu diete, denen artean ekitaldi hunkigarri eta xume bat diseinatzeko. Martxoaren 10era izango dute ideiak bidaltzeko epea.