San Juango batelerek ez dute parte hartuko 2022ko traineru denboraldian

"Gutxieneko bermeekin" arraunlari taldea osatu ezinagatik, arrosen emakumezkoen trainerurik ez du uretaratuko aurten San Juan-Koxtapek.

Ligak eskatzen duen etxeko arraunlarien kupoa bete ezinagatik, 'Batelerak' ontzia ez dute uretaratuko aurten.
San Juan-Koxtapeko Kudeaketa Batzordeak gaur bertan eman du aditzera Batelerak ontzia ezingo dutela uretaratu 2022ko arraun denboraldian, taldea “gutxieneko berme batzuekin” osatu ezinagatik.
 
Ligak eskatzen duen etxeko arraunlarien kupoa bete ezin dutela adierazi dute arduradunek, eta beraz, batelerak ez direla aurten norgehiagokan ariko. Hurrengo denboraldira begira jarrita dira jada, egoera hau errepika dadin ekiditeko: “Gogoz hasi gara lanean traineru arrosa lehenbailehen uretan ikusteko”.
 
Iragarpena probestu nahi izan dute sanjuandarrek babesleei eskerrona adierazteko Koteli Perez eta Juanjo Etxarte entrenatzaileei, Lapurdi Elkarteari eta Pasaiako Udalari nahiz klubaren beste babesleei ere. Protagonistak ez dituzte ahaztu: “Eskerrak eman nahi dizkiegu trainerua uretara ateratzeko gogor entrenatzen egon diren arraunlariei, egindako ahaleginak gure elkartean saririk izan ez badu ere, ziur gaude beren kirol eta giza balioa erakutsiko dutela denboraldi honetarako ateak ireki dizkien taldean”.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.