Musikak Trintxerpeko kaleak hartuko ditu 40. Inauterietan
Urteurren berezia ospatuko dute Trintxerpeko Inauteriek martxoaren 4, 5 eta 6an. Herritarrei euren balkoiak koloretako oihalekin apaintzera deitu dituzte.
Urtero bezala, Inauterien festak astebete beranduago egingo du eztanda Trintxerpen, hurrengo asteburuan (martxoak 4, 5 eta 6) ospatuko dituzte, eta Jai Batzordeak dagoeneko egitaraua prest du, baita gaia ere: musikarekin zerikusitako mozorroak janztera animatu dituzte herritarrak. Egitaraua astelehenean aurkeztuko dute osorik.
Aurtengoa, gainera, berezia izango da, 40 urte beteko baitu Ilunbe Musika Elkarteak lehen Inauteriak antolatu zituenetik (orduan erabaki zuten astebete beranduago egiteko tradizio hori). Egun, Jai Batzordeak egiten ditu antolaketa lanak, baina beti musika elkartekoen laguntza jaso dute. “Jai Batzordearen izenean eskerrak eman nahi dizkiogu Illunbe Musika Elkarteari, 1982an hasitako bideagatik eta bere 50 urteko ibilbidean herriari eman dion guztiagatik”, esan dute Jai Batzordekoek.
Horregatik, hurrengo asteburuan Trintxerpeko herritarrei euren balkoiak koloretako oihalekin apaintzera deitu dituzte. “Eman diezaiogun kolorea eta alaitasuna gure Inauteriei!”, erantsi dute.