Herritarren bizi kalitatea hobetzeko neurriak
Madrilgo Gobernuko ezohiko funtsetik 1,3 milioi euro jaso ditu Errenteriako Udalak. COVID-19ak sortutako krisiaren ondorioak arintzeko, Udalak lau ardatz nagusi marraztu ditu, martxoko plenoan bozkatuko direnak.
Garazi Lopez de Etxezarreta, Aizpea Otaegi eta Maite Gartzia. Bizitzen ari garen testuinguru pandemikoan, COVID-19ak sortutako ondorioak arintzeko helburuarekin, Madrilgo Gobernuak Autonomia Erkidegoei ezohiko laguntzak bidali dizkie ezohiko funtsaren bidez. Gaur goizean eginiko agerraldian, Aizpea Otaegi alkateak, Maite Gartzia alkateordeak eta Garazi Lopez de Etxezarreta ogasun zinegotziak aipatu dute Gipuzkoako Diputazioaren bitartez, Errenteria-Oreretako Udalak 1,3 milioi euro jaso dituela, eta diru laguntza horiek herritarren bizi kalitatea hobetzera bideratuko direla. Horretarako, Udalak lau ardatz nagusi marraztu ditu, eta martxoan egingo den plenora eramango ditu horien onarpena bozkatzeko.
Lehenik eta behin, zaintza lanak duintzera 200.000 euro bideratuko ditu. Zaintzaren garrantzia pandemia garaian agerian geratu dela eutsi du Otaegik, eta ikusi ahal izan da zaindu behar diren familiek eta zaintzaileek gabezi handiak dituztela. Hori dela eta, lehenengo ardatzaren bitartez, zaintza lanak duintzeko udal estrategia bat garatuko da hiru ekintza nagusirekin. Alde batetik, zaintzaileen formakuntza bilatuko da. Alkateak nabarmendu du garrantzitsua dela zaintzaileen formazioan inbertsioak egitea eta euren akreditazioak eskuratzea. Horrez gain, gizartea sentsibilizatzeko kanpainak egingo dira; eta Etxeko Lan bitartekaritza zerbitzuari bultzada emango zaio.
Bigarren ardatza garapen ekonomikoarekin dago lotua. Ardatz honi 580.000 euro eskainiko zaizkio. Ostalaritza eta merkataritza berregituratzeko funtsari 300.000 emango zaizkio. Bereziki Erdigunean, Iztietan eta Beraunen dauden lokal hutsen mobilizazioari bultzada eman nahi zaio, eta horretarako 120.000 euro sartuko dira. Gazteek bertako komertzioetan kontsumitu dezaten bilatu nahi da, herrian kontsumitzeko ohitura areagotzeko. Neurri horretara 140.000 euro bideratuko dira. Gainera, landa eremuaren inguruko plan berezia landu nahi da. Orain arteko Hirigintza Planek kutsu urbanoa izan dutela berretsi du alkateak, eta horregatik, lehen sektoreren garapena ahalbidetuko duen plan berezi bat ezarri nahi da. Horretarako, 20.000 euro sartuko dira.
Hirugarren ardatza Oiartzun ibaia berreskuratzearekin dago lotua. Iaz egin zen interbentzio batean ur zikinak ibaira isurtzen ari direla egiaztatu zutela zehaztu du Otaegik, bereziki Erdigunean eta Iztietan. Hori dela eta, helburua da isuriak ibaira gehiago ez isurtzea, erreka eta bere ingurunea modu egokian mantentzeko. Horretarako, 420.000 euro bideratuko dira. Iztietan sei isurketa puntu egokituko dira, eta beste bost punturi soluzioa bilatuko zaie. Erdigunean, berriz, diagnostikoa eta interbentzioak egingo dira. Horrez gain, isurketa batzuk komunitate batzuekin dute zerikusia, eta horregatik, Udalak komunitate horiek diruz lagunduko ditu isurien arazoa konpontzeko. Plangintza hori urtebetean egitea aurreikusten da.
Azkenik, 100.000 euro bideratuko dira digitalizaziora. Gaur egun herrian Internet sarbidea duten doako bost puntu daude hurrengo guneetan: Iztietako Diputazio plazan, Zumardian, Herriko plazan, Xabier Olaskoaga plazan eta Foru plazan. Orain helburua da Interneterako doako sarbidea auzo guztietara eramatea, eta auzo bakoitzak gutxienez sarbide puntu doako bat izatea. Neurri horren helburua da jendeari irisgarritasuna erraztea, eta batez ere arrakala digital eta ekonomikoarekin bukatzea.
