Pasaiako HAPO berriaren aurrerakin faserako ekarpenak egin daitezke, etzitik
Bigarren faserako ekarpenetarako epea hilaren 7tik 27ra izango da. Partaidetza saio publikoak egingo dituzte lau barrutietan.
Pasaiako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra (HAPOa) bigarren fasean dago, aurreakinen fasean. Pasaiako Udalak adierazi du zertan datza fase hori: “Pasaia osorako etorkizuneko planaren zirriborro aurreratu moduko bat egitea da”. Horrela, udalerriko leku zehatzetan hainbat aukera proposatuko dituzte.
Udalak herritarren partaidetza sustatu nahi duela esan du, eta horretarako hainbat bide jarri dituzte. Alde batetik, saio presentzialak egingo dituzte barruti guztietan.
Hilaren 15ean (asteartea) Donibaneko Juanba Berasategi aretoan eta Antxoko kultur etxean izango dira saioak. Hilaren 22an, berriz, San Pedroko udal aretoan eta Trintxerpeko alkateordetzan izango dira saioak. Kasu guztiettan 18:00etatik 20:00etara izango da aurreikusitako iraupena.
Udalak adierazi duenez, saioen lehen zatia informatiboa izango da. Horren ondoren, saioen zati handiena partaidetzari eskainiko zaiola esan du, eta partaidetza hori lantaldeen bidez egingo dela. Saioak elebitan izango dira, eta euskaraz zein gaztelaniaz parte hartu ahal izango dela ziurtatu dute.
Ekarpenak online
HAPOa diseinatzeko propio martxan jarritako webgunearen bidez ere parte har daiteke martxoaren 7tik martxoaren 27ra bitartean. Izen-emateei, datei eta lekuei buruzko informazio guztia web horretan dago.
2020an, udala Pasaiako HAPO lantzen hasi zen. Herritarrek Parte hartzeko Programa osatu ondoren, 1. Fasea, Informazioa, hasi zen. Fase horren barruan, parte hartzeko prozesu bat egin zen. Orain HAPOren Aurrerakinaren fasean dago plana.
HAPO udalerrian erabilerak eta eraikuntzak antolatzeko oinarrizko tresna nagusia da. Laburbilduz, HAPOk zer, non eta zenbat eraiki daitekeen arautzen du, udalerriko eremu fisikoaren barruan, bai lurzoru publikoan bai pribatuan.
Egun Pasaiak ez du HAPOrik, Arau Subsidiarioak baizik. HAPO idaztea legez nahitaezkoa da, prozesu luze eta konplexua da, eta hainbat fase ditu, behin betiko onespenera iritsi arte.