Elizaldeko DBH4ko ikasleek bigarren eskuko azoka antolatu dute
Ikas bidaia finantzatzeko merkatu txikia egingo dute ostiralean eta larunbatean, eta Mauritaniarako eskola materiala ere jasoko dute.
Elizalde Institutuko DBHko laugarren mailako ikasleek Arkakusoen Azoka antolatu dute biharko —ostirala, hilak 18— eta etzirako.
Bigarren eskuko azoka izango da, eta aterako duten dirua ikas bidaia finantzatzeko erabiliko dute. Horrez gain, helburu solidarioa ere izango du merkatu txikiak: Mauritaniarako eskola materiala jasoko dute. Azokan saltzen ez dena ere herrialde horretara bideratuko dute.
Bihar arratsaldean Elizalde Herri Eskolaren kanpoaldean jarriko dituzte salmenta postuak, eta larunbat goizean, berriz, Done Eztebe plazan egongo dira.