"Badirudi amen gaia emakumeen interesekoa bakarrik dela"
Oiartzuarraren ‘Amez’ narrazio liburuak 25 istorio jasotzen ditu. Izenburuak salatzen duen bezala, amak dira protagonista, bakoitzaren egoerak azalduz, fikzio eraikitik.

Laugarren narrazio liburua da Amez. Aurrekoen bidetik jotzen duzu, hainbat narrazio motzekin. 25 ipuin dira, eta bakoitzean amak dira protagonista. Zergatik aukeratu duzu gai hori?
Ez dut azalpen jakinik. Erabaki kontziente bat izan zen; proiektu bat hasi nahi nuen non protagonistak amak izango baitziren. Aurreko liburuetan ez da intentzionalitaterik, oraingoan bai. Izan daiteke bere garaian Lina Meruaneren Contra los hijos irakurri nuelako, gustatu baitzitzaidan amei buruz egiten duen irakurketa. Inguruan ama asko ditugu, norberarenarengandik hasita, eta istorio asko ematen dituzte.
Aurkezpenean Jorge Gimenez Bech editoreak argitu zuen ez zela saiakera bat.
Ez, ez da. Askok uste du idazle batek, segun zein gairekin, bere bizitza kontatzen ari dela. Ez da kasua, ez naizelako ama. Horrez gain, liburuan kontatzen diren istorioetako amek ez dute elkarren arteko antzik, ezta garaiek ere.
Ez da amen tipologia ezberdinei buruzko liburu bat. Ama batzuek momentu eta egoera konkretu batzuen aurrean zein jarrera hartzen duten azaltzen du. Eta bai, literatura da.
Zaila egin zaizu gai konkretu bat komunean duten 25 istorio idaztea?
Zaila baino, errepikakorregia geratzeko kezka neukan, nahiz eta errepikatzen den elementu bakarra den amak —edo ez-amak— daudela. 25 istorio atera dira, baina izan zitezkeen gehiago. Beti daude bizitza errealetik ateratzen diren gauzak, baita txikiak izanda ere. Esaldi edo gertaera konkretu bat izan daiteke, baina gero fikzionatu egiten duzu.
Ama ez izateagatik Amez izeneko liburu bat idazteak jaso daitezkeen kritikek kezkatzen al zaituzte?
Ez bereziki. Literatura lizentziak hartzen uzten duen diziplina artistikoa da, beste hainbat bezala. Gainera, norberak idatzi behar balu bera denetik abiatuta, etengabe autobiografiak idazten arituko ginateke. Badirudi ama bati buruz idazteko ama izan behar duzula, baina haginlari bati buruz idazteko ez duzu odontologo izan beharrik, edo Bigarren Mundu Gerrari buruz aritzeko ez duzu garai hura bizitu beharrik, edo soldadu izan, edo judutarra izan.
Ama onaren eredua egon badago. Esandakoaren harira, badirudi amez idazteko ama izan behar duzula. Inposatutako ama ona eredu horren baitan dagoen zerbait da?
Nire ustez garaiarekin aldatzen doan zerbait dela. Ez dut uste gauza bera denik gure amen garaian zer zen ona izatea, eta gaur egun dena. Niretzako, ez dago ama on-on eredurik. Pertsona batek, humano den artean, ezin du perfektua izan, izan ama edo dena delakoa. Kontraesan horietan fijatu naiz, eta istorio guztietan bada elementuren bat ama on kontzeptu horrekin bat egingo ez lukeena,eta horregatik ez da pertsona txarra.
Badago irudipena amei buruzko literatura asko egiten dela, eta ez da errealitate bat
Galderarekin lotuta, badago jendea uste duena ama bat edo emakume bat protagonista delako berarekin ez doala liburua, bera ez delako ez bata ez bestea. Ez du zertan, kontatzen direnak pertsonei buruzkoa delako. Azkenean, uste dut pertsonen arteko harremanak dira azaltzen direnak. Horren inguruan bueltaka ari naizela uste dut, baita aurreko liburuetan ere.
Adinaren eragina al da harremanei buruz idaztea?
Oso presente daude, batez ere azken bietan. Gaur egungo gure gizarteari begira idatzitakoak badira istorio gehienak, gure portaerak zeintzuk diren begiratu eta hortik literatura egiteko.
Esan duzu inor ez dela perfektua eta, ondorioz, ezin dela ama perfektu izan. Istoriorik paradigmatikoena da naziak elkartzen diren jatetxe batean alaba bonba jartzera bidaltzen duen ama…
Egiazko testigantza batetik fikzionatu dudan istorioa izan da. Zirrara handia sorrarazi zidan. Gaur egungo ikuspegitik harrigarria da nola ama batek bere zazpi urteko alaba bidaltzen duen bonba bat jartzera, baina testigantza hori modu positiboan kontatzen da. Ama horrek zerbaitengatik hartu zuen erabaki hura, onura bat bilatzen duelako, baita bere alabarentzako ere. Zein ama klasek egingo egingo luke hori galdetzen diozu zure buruari; era berean jakin nahi duzu zerk bultzatu zuen erabaki hori hartzera.
Sobietar Batasunean girotuta dago istorio hori, baita ere Rosa Luxenburg protagonista duen beste bat. Europa ekialde gorrira begiratu duzu arrazoi bereziren batengatik?
Justu bi istorio horiek izan dira liburuaren amandreetatik [liburuan eragina izan duten hamabost emakume idazleren lanak] abiatutako bi narrazio. Hala ere, liburuko beste istorio batzuetan errepikatzen da emakume, ama eta langile klasekoa izateak. Ez da autobiografia, baina ni langileen alaba naizenez, begirada hori dut.
Aldatu ez dena da zure idazkera oso zuzena dela, apaingarririk gabekoa.
Aurreko liburuetan baino istorio luzexeagoak badaude, baina egia da ez dudala erabiltzen deskribapen askorik. Badaude irakurleak hori gustuko dutenak, baina niretzako, ez badu kontatu nahi denean garrantzia handirik, soberan dago.
Liburua aurkeztu zenuenean, esan zenuen ez zenuela inor epaitu nahi, baina aurki daitezke kritika sozialaren trazak.
Esaten dut ez dagoela kritikarik, ama on batengandik espero ez diren gauzak egiten dituztelako. Ez dira —orokorrean— istorio larriak, egunerokoak izan daitezkeenak dira, eta kasu batzuetan, huskeriak. Ez dut epaitzen, helburua justu kontrakoa delako: momentu jakin batean ama horren larruan jarri nahi dudalako, eta bere begietatik begiratu. Bere begiradatik begiratzen duenean akaso badago normalean kritikatzen ez diren beste egoera batzuekiko kritika.
Pertsona batek, humano den artean, ezin du perfektua izan, izan ama edo dena delakoa
Errepikakortasunean ez zenuen erori nahi, ez gaiei dagokienez ezta idazteko moduan ere. Bi adibide garbi daude: Whatsapp moduan idatzitako narrazioa, eta punturik erabiltzen ez duzuna.
Errepikakor ez izateko nire estrategia nagusia izan da formaren inguruan ere bai buelta batzuk ematea. Badaude istorio oso narratiboak, baina beste batzuk ez ohikoak dira. Punturik gabe idatzitakoa, adibidez, irakurtzera ohituta ez gauden modu batean dago. Uste dut behin hasita, sartzen zarela istorioan. Horrela kontatu behar nuela iruditzen zait, istorio horri ematen baitio balio handiagoa, estres puntua adieraztea.
Gustuko dut idazteko formarekin jolastea, eta berritzea. Askotan, hala ere, formatu berritzaile horiek ez dira oso estimatuak izaten. Sorgin-gurpil bat da, hala ere: ez dituzte idazkera formatu berritzaileak argitaratzen irakurlea ez omen dagoelako ohituta, baina irakurleak ezin dira ohitu idazkera berritzailerik publikatzen ez bada.
Euskal literaturgintzan ez da oso erraza izaten idazkerarekiko ausardia argitaratua izatea. Ez dut esaten sortzaileek egiten ez dutenik, baina irakurlearen eskuetara ez da iristen. Beldur bat dagoela uste dut; badirudi pentsatzen dugula zertarako aldatu zerbait ongi baldin badoa.
Azkenaldian sari batzuk lortu dituzu ezohiko eremu batzuetan: poesian, antzerkigintzan, eleberri laburrean…
Narrazioak nire habitat naturala dira, eta hori da erosoen nagoen eremua. Probatu nahi izan ditut beste gauza batzuk, eta ezin naiz kexatu. Poesia idazten oso berandu hasi nintzen, oso gutxi idatzi dut, eta oso gutxi idazten dut, tarteka. Xabier Portugal lehiaketan bigarren saria eman zidaten, eta hori da sortu nuen lehenengo poema bilduma. Antzerkiarekin, berdin; antzezlanak ikusteko ohitura dut. Asko landu behar duzu arlo bat harekin ausartu baino lehen, baina berriro diot: ez dira nire eremua.

Idazle oiartzuarraren egoera naturala da narrtiba, baina beste esparru batzuetako lanek ere jaso ditu aitortzak.
Sentitzen dut narratiban badaukadala eboluzio bat. Hori ikusten dut duela hamar urteko liburua eta aurtengoa alderatuta. Beste arloetan bai sentitzen naizela hasiberri.
Irakurle zara idazle baino lehenago. Hori ikusten da, adibidez, sare sozialetan botatzen dituzunean liburuen pasarteak. Gehienetan, gainera, emakumeen lanak dira. Hautu kontzientea da?
Ez eta bai. Edozeri irekia nago, eta ez daukat arazorik gizonen liburuak irakurtzeko. Irakurri nahi ditut, ez diot nire buruari halako plazerik kendu nahi. Egin nuen hautu bat da liburuak euskaraz eta gazteleraz txandakatzearena.
Atzerriko hizkuntzetan ere irakurtzen dut, badut joera emakumeen liburuak irakurtzekoa. Euskarazko eta gaztelerazkoak liburutegitik hartzen ditut normalean, eta besteak erosi egiten ditudanez, erabakitzen dut emakume gehiago irakurtzea. Baina tira, nire liburu gogokoenen artean badaude gizonenak.
Ez da erraza izaten idazkera ausartak argitaratzea
Pasa den astean Mariasun Landa Saria jaso zenuen, sasi-eskolei eta bertako maistra izan zen Maria Jesus Aranbururi buruzko lan batekin. Horrez gain, M8an, Oiartzungo mobilizazioan, ezezagunak diren herriko hiru emakume idazleren izenak ahanzturatik atera zenituen. Hor badago militantzia.
Noski. Kazetaritza-sena hor daukat, eta polita da ahaztua dagoen zerbait gaur egunera ekartzea, sorpresa bat izaten da. Gainera, bi kasu zehatz horietan, ez da hainbeste denbora pasatu, eta existitu ez balira bezala da, desagertu egin dira.
Bada triste eta kezkagarria memoriak nola izan daitezkeen hain selektiboak, batez ere emakumeekin. Nire aletxoa jar badezaket aitortza txiki bat eduki dezaten, egingo dut.
Amei buruzko literatura askorik ez dagoela esan zenuen. Aurreko galderen ildoari jarraituta, horregatik ere idatzi duzu Amez liburua?
Badago irudipena amei buruzko literatura asko egiten dela, eta uste dut ez dela errealitate bat. Orain arte emakume askok ez dute idatzi, eta gai unibertsalak direnak ezarri dituztenak gizonak izan dira, beraien intereseko gaiekin. Liburu asko daude Holokaustoari buruzkoak, detektibeei buruzkoak… errepikatzen dira patroiak, eta ez da entzuten horiei buruzko kexarik, unibertsalagoak sentitzen direlako. Eta amen gaia baino unibertsalagorik…